Gipuzkoako Ur Kontsortzioak 2020an Zarautzen egindako lanen berri eman du

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 24a, 10:00

2020. urtean herrian egindako eskuhartzeak zerrendatzeaz gain, aurrerantzean egitekoak diren lanik garrantzitsuenak ere xehetu dituzte. 

Herriko ur zerbitzuarekin lotutako hainbat obra eta konponketa egin ditu Gipuzkoako Ur Kontsortzioak 2020an, udalarekin hitzartuta duen moduan. Udalak prentsaohar bidez jakitera eman ditu kontsortzioak egin dituen eskuhartzeak, eta zehaztu du 2020an denera 61 izan direla hoditeria nagusian eta beste hamar hargune edo hodi partikularretan. "Konponketa eta obra hauek guztiz garrantzitsuak dira zarauztarrek ahalik eta ur-hornidura zerbitzu onena jaso dezagun", azaldu du Iban San Martin Obra eta Azpiegitura zinegotziak. "Zerbitzuaren kalitatea bermatzeko" aurreikusita dituzten lanekin jarraituko dute aurrerantzean, eta zehaztu dute lan horiek 816.770 euroko aurrekontua daukatela. 

Hobekuntza lanak puntuz-puntu zehaztu ditu udalak helarazitako oharrean:

  • Untzaingo depositutik beherako FC hoditeria aldatzea: Gaur egungo depositua deuseztatu eta hoditeria berria jarri da. Lan horren kostua 306.930,22 eurokoa izan da.
  • Zuberoa eta Roke Kaleko hamar ur-hargune aldatu dira. Lan horren kostua 32.194,20 eurokoa izan da.
  • Antoniano ikastetxe aurreko ur-hargunea ere aldatu da, udala bertan egiten ari zen urbanizazio lanak aprobetxatuta. Lan horren kostua 1.886,23 eurokoa izan da.
  • Hiruerreketan, Azpeiti Bide inguruko saneamendua aldatzea. Lan horren kostua 39.248,05 eurokoa izan da.
  • Anurbeko deposituan egokitzapen lanak: Bai elektrizitateko sistema osoan, baita inpermeabilizazio kontuetan ere. Lan horien kostua 32.542,12 eurokoa izan da.
  • Santa Barbaran kontroleko kutxatila egokitu: Bertan zegoen erreguladorea aldatu eta kontrolerako kontagailua jarri da kutxatila berri batean. Lan horien kostua 5.432,12 eurokoa izan da.
  • Abendaño-Errotaberriko eraztunaren lehen tartea: Bi industrialde horietako eraikin guztiak Untzain depositutik datorren hodi batetik hornitzen dira. Edozein momentutan hodi horretan edozein aktuazio egin beharko balitz, industrialde guztia urik gabe geratuko litzateke. Hori ez gertatzeko eta ur hornidura bermatzeko , herriko lineatik bigarren aukera bat prestatzea du helburu lan horrek. Kostua 25.156,67 eurokoa izan da.
  • Kontsumitzaile handien kontrola: Egunerokotasunean, ur ihesak dauden jakiteko erabiltzen den gaueko minimoa distortsionatzen duten kontsumitzaileak identifikatu eta kontrolatzean datza. Lan horren kostua 18.812,34 eurokoa izan da.
  • Saneamenduko ponpaketen nibelak kontrolatzeko, sondak jartzea eta dauden komunikazio sistemak aldatzea. Lan horren kostua 21.912,45 eurokoa izan da.
  • Vista Alegren eta Altzolan ur ihesak kontrolatu ahal izateko giltzak jarri dira. Lan horren kostua 19.123,43 eurokoa izan da.
  • Anurbe deposituko giltzen gelara jaisteko eskailera berriak egin behar izan dira. Lan horren kostua 27.919,23 eurokoa izan da.
  • Komunikazio sistema berriak ezartzea: Kasu honetan, sarean dauden hainbat datu jaso eta kudeatu ahal izateko komunikazio sistema berriak ezarri dira. Lan horren kostua 2.421,23 eurokoa izan da.

2020an egindako lanen berri emateaz gain, aurrerantzean egitekoak diren obra eta berrikuntza esanguratsuenak ere zerrendatu ditu udalak:

  • Mankomunitateak proposatu duen garbigunearen zabalkuntza dela eta, bertako ur hornidura aldatzea erabaki da. Lan horren aurrekontua 128.000 eurokoa da.
  • Aldapetako jaitsieran giltza eta bentosa jarri: Helburua obrako zatia banatu eta haizeak ateratzeko puntu bat jartzea da. Lan horren aurrekontua 6.200 eurokoa da.
  • Salberdin inguruan dagoen Saneamenduko sarea konpondu manga bidez: Itxasoko uraren sarrera dela eta, hormigoizko hodia berritu behar da manga bidez. Lan horren aurrekontua 68.000 eurokoa da.
  • Matxitxako kalean ur hornidura eta saneamendua berritu: Bertan egiten ari den obra baliatuz, ur hornidura eta saneamendua berrituko da. Lan horren aurrekontua 24.000 eurokoa da.
  • Gainezkabideen kontrola instalatu: Herrien dauden gainezkabideak kontrolatzeko sentsoreak jarri nahi dira. Lan horren aurrekontua 10.000 eurokoa da.
  • Aldaketa behar duten 4 edo 5 ur-hargune berrituko dira. Lan horren aurrekontua 12.000 eurokoa da.
  • Vista Alegre auzoan dauden saneamendu eta ur hornidura lineak aldatuko dira. Lan horren aurrekontua 140.000 eurokoa da.