Gozotik ere, memoria

Txokolatezko Guernicaren zatietako bat. (Oarsoaldeko Hitza)

Picassoren Guernicaren neurri berbera izango duen txokolatezko erreplika bukatzear dira Euskal Gozogileak federazioko kideak, Azpeitiko Egaña eta Txintxu, eta Zarauzko Sayalero gozotegietako arduradunak tartean.

Datorren astelehenean, apirilaren 26an, beteko dira 84 urte Espainiako II. Errepublikaren kontra altxatutakoen aliatuek, Alemania naziaren eta Italia faxistaren armadek, Gernikako herria (Bizkaia) bonbardatu zutela. Gernikako sarraskia irudikatuz margolana sortu zuen urte berean Pablo Picassok, Guernica, eta gerraren eta populazio zibilaren kontrako erasoen aurkako ikur bihurtu da gaur egun Madrilgo Reina Sofia museoan ikus daitekeen artelana.

Guernicaren askotariko erreplikak barreiatu dira munduan zehar material, neurri eta euskarri ugaritan irudikatuta, baina orain arte egin ez den bezalako erreplika bat izango du aurten Picassoren lanak: margolana xehetasun guztiekin irudikatuko duen eta orijinalaren neurri berbera izango duen txokolatezko koadroa. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko gozogile artisauen elkarteen baturatik sortu den Euskal Gozogileak federazioko kideak ari dira dagoeneko lanean, eta horien artean daude Azpeitiko Egaña eta Txintxu, eta Zarauzko Sayalero gozotegietako arduradunak.

Lezoko (Gipuzkoa) pabilioi batean ari dira osatzen txokolatezko Guernica. Guztira 500 kilo kakao erabiliko dituzte, txokolate zuria, beltza eta esnezkoa nahastuta. Euskal Gozogileak federazioak sortu eta bultzatutako egitasmoa bada ere, Euskal Herri osoko gozogileak ari dira parte hartzen proiektuan, “Nafarroakoak eta Ipar Euskal Herrikoak barne”, Inazio Egañak azaldu duenez. Duela hiru aste hasi ziren lanean gozogileak, eta Lezora joan-etorrian dabiltzanetako bat da azpeitiarra. Gozogileen federazioa “sortu berria” dela azaldu du Egañak, eta proiektu hau “aurkezpen” gisara baliogarri izango zaiola erakundeari. Gernika eta Guernica “euskaldunontzako ikur” direla dio gozogile azpeitiarrak; koadroaren erreplikarekin, beren lanbidea “beste arte bat dela aldarrikatzea” nahi dute, nolabait, Euskal Herriko gozogile artisauek.

Proiektu lantsua

Txokolatezko Guernica osatzea ez da edonolako erronka, Egañak dioenez: “Buru-belarri ari gara lanean, egundoko paliza ari gara hartzen. Erronka zaila bezain polita da”. Gozogile bakoitza bere negozioarekin eta eguneroko lanarekin ari da uztartzen proiektua; 40tik gora dira Lezora joanez dabiltzan gozogileak, eta elkarren arteko koordinazioa ezinbestekoa da lana aurrera ateratzeko. Gipuzkoako Gozoa elkarteko batzordeko kide den aldetik, Egañaren egiteko nagusietakoa ari da izaten, hain zuzen, lanera joaten diren gozogileak koordinatzea. Koadroari forma ematen hasi aurreko lanak berak, prestaketak, buruhauste gehiago eman dizkiela aitortu du Egaña gozotegiko arduradunak.

Guernicaren txokolatezko erreplika egitea “lantegi handia” dela dio Egañak: “Detaile asko dauzka koadroak, eta 500 kilo txokolate dira. 7,30 bider 3,50 metro da luze-altuan koadroa eta hamalau zatitan banatuta antolatu dugu lana. Hamalau taula prestatu ditugu eta txokolatea horietako bakoitzaren gainean ari gara ipintzen, lantzen eta forma ematen, geruza eta testura ezberdinekin: pintzelekin, geuk sortutako moldeekin, pistoleatuta…”.

Denboraz nahiko larri dabiltzala aitortu du azpeitiarrak, baina espero du helburura iritsiko direla. Proiektuaren sustatzaileen asmoa da txokolatezko koadro erraldoia Gernikan aurkeztea apirilaren 26an, bonbardaketaren urteurrenaren egunean. Koadroaren garraioa nahikoa zaila izango dela uste du Egañak; kamioian eta koltxoien artean babestuta eramango dutela dio, dardarak eragozteko. “Horretan ari gara, ez dakit zer irtengo den”, dio, txokolatea material hauskorra dela gogora ekarrita: “Gogorra denean oso hauskorra da, eta biguna badago, berriz, urtu egiten da. Hozberoak-eta zaindu egin behar dira”. Bidaian zatiren bat hautsiko zaiela kontuan hartuta ari dira lanean, konpontzera joan beharko direla aurreikusita, Egañak kontatu duenez.

Txokolatezko Guernicaren bidea Gernikan ez amaitzea da Euskal Gozogileak federazioaren asmoa; Euskal Herriko leku gehiagotan erakusteko asmoa azaldu zuten federazioaren ordezkariek proiektuaren aurkezpenean, baita Madrilera eta Parisera eramatekoa ere. Hala ere, momentuz balizko beste helmugak zehazteko dituztela dio Egañak. Hori bai, seguru dago koadroa jangarri ez dutela bihurtuko.