Udaltzainen lan-poltsa handitzeko deialdia ireki du udalak

Zarauzko Udaltzaingoaren egoitza. (Onintza Lete Arrieta)

Herritarren Arreta Zerbitzuan eskuratu daitezke eskabideak, edo Zarauzko Udalaren webgunean. Iragarkia atzo kaleratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak, eta interesa dutenek hamar eguneko epea izango dute lehiaketara aurkezteko.

Udaltzainen lan-poltsa handitzeko deialdia egin du udalak, eta atzo argitaratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak bete beharreko baldintza guztiekin. Zehazten diren oinarrietako batzuk hauek dira: Espainiako nazionalitatea izatea; gutxienez 1,65 metroko altuera izatea gizonek, eta 1,60 metrokoa emakumeek; 18 eta 38 urte bitarteko adina izatea; batxilergoko titulua edo baliokidea izatea, edo goragoko beste edozein ikasketa; Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emandako trebakuntza-ikastaroa gainditua izatea; B motako gidabaimena izatea; eta 2. hizkuntza-eskakizuna edo hortik gorakoa izatea, besteak beste.

Hautaketa-prozesuan parte hartzeko eskabideak eredu ofizial eta normalizatuan egingo dira. Herritarren Arreta Zerbitzuan eskuratu daitezke eskabidea (astelehenetik ostiralera 07:30etik 15:00etara, eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara) edo udalaren webgunean. Eskabideak, dagozkion agiriekin batera, GAOn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 10 egun balioduneko epean aurkeztu beharko da.     

Merezimenduen kalifikazioa egin ondoren, epaimahaiak behin-behineko zerrenda osatuko du puntuazio-hurrenkera zorrotzarekin, eta udalaren webgunean argitaratuko du. Hautatuek sei hilabeteko praktikaldia gainditu beharko dute lan-poltsan behin betiko egoteko.