Tokikomeko presidente kargua hartu du Iban Arantzabalek

2017an kargua hartu zuen Jone Guenetxea ordezkatuko du Arantzabalek. 2020. urte gogorrari elkarlanean aurre egin ondoren, sinergiak eta adimen artifiziala lantzea dira 2021erako Tokikomek dituen gakoak. Tolosaldeko Ataria (Gipuzkoa) eta Arratia (Bizkaia) bailarako Begitu komunikabideek bat egin dute taldearekin.

Segurtasun neurriek baldintzatuta, gaur, ostirala, egin du Urteko Batzar Orokorra Tokikomek, euskarazko 70 toki komunikabide batzen dituen taldeak. 2020. urte gorabeheratsuaren errepasoa egin eta 2021eko kudeaketa plana onartzeaz gain, toki komunikabideen bateraguneak bazkide berriak onartu eta presidente berria izendatu du.

Tokian tokiko eragile guztientzat bezala, toki komunikabideentzat ere urte zaila izan da 2020. Hala ere, Tokikomen presidente kargua utzi berri duen Jone Guenetxeak nabarmendu du "zailtasunen aurrean indarrak batu eta kikildu beharrean aurrera egiteko" egindako apustua. "Zorionez", –nabarmendu du Guenetxeak– "aurreratuta genituen zenbait lan oso baliagarriak izan dira COVID-19ak eragindako zailtasunei aurre egiteko, hala nola alor digitalean eta ikus-entzunezkoen esparruan egindako aurrerapenak. Egoera berezi honek aukera eman digu hainbat gai elkarren artean landu eta bisualizatzeko, baita barrura begira eta kudeaketa ikuspegitik, sektorearen bilakaera monitorizatu eta haren argazki zehatza egin ahal izateko".

Taldekako ahalegin hori datuetan ere islatzen da: Interneteko kontsumoak goia jo zuen, noski, erabateko itxialdiaren eraginez, eta erronka zen irabazitako publiko hori mantentzea behin itxialdia amaitu ondoren ere. Helburu hori betetzat ematen du Tokikomek, 2020an bere bazkideen Interneteko trafikoa %46 altuagoa izan baita, batez beste, 2019an baino. Datuek argi uzten dute tokiko informazioaren pisua eta garrantzia: itxuraz sare sozialek eta edukien bestelako multinazionalek agintzen duten arren, informazioaren esparruan ere zero kilometroko edukiak berebiziko garrantzia du publikoarentzat, eta ezinbestekoa da 'informazio-dieta osasungarria' mantentzeko.

Barne-funtzionamenduari dagokionean ere, Tokikomek bere dinamika biziari eutsi dio 2020an: Teknologia eta Publizitate Batzordeek etengabe jardun dute lanean, eta Kudeaketa Batzordea ere forma hartzen hasi da pixkanaka. Tokikomen beraren izaera eta funtzioaren inguruko hausnarketa saio mamitsuak gauzatu dira bazkideekin, eta proiektuen alorrean 2015ean irekitako ziklo bat itxi du Tokikomek, Vicomtechekin batera garatutako hizkuntzen teknologien eta adimen artifizialaren inguruko ikerketa proiektu batean. Esparru horietan ikertzen eta esperimentatzen jarraitu behar badu ere, orain ikerketa proiektu horren baitan egindako aurrerapauso teknikoak eguneroko jardunean txertatzen joatea da erronka. Hala, Tokikomeko komunikabideek laster izango dituzte teknologia horiek eskuragarri Tokikomek euskarri ezberdinetarako eskaintzen dituen tresnetan: edizio digitaletarako Tokikom Plataforma Digitalean, Tokimedia multimedia zerbitzarian, eta paperezko argitalpenetarako Edizio Sistema bateratuan.