Jokin Aranburu: "Energia ziztada positiboa izan da niretzat Turkiako Itzulia"

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 24a, 13:00
Jokin Aranburu txirrindularia. (Aritz Mutiozabal)

Denboraldia hasi baino ez du egin Euskaltel-Euskadi taldeko Jokin Aranburu (Zarautz, 1997) txirrindulariak, eta gogotsu bezain indartsu ikusi zaio aurreko astean jokatu den Turkiako Itzulian. Hona hemen HITZAk egin dion elkarrizketaren aurrerapena.

Gustura al zaude Turkiako Itzulian egin duzuen lanarekin?
Egia esan, taldean eduki dugun dinamika eta lan egiteko modua oso ona izan da zortzi egunetako itzuli honetan. Azkenean, Itzuli bat izanda, lasterketa egun asko dira, eta horrek askorako ematen du.  Geure artean hobeto ezagutzeko aukera eman digu, eta nik uste dut lan oso txukuna egin dugula. Egia da, bestalde, gustatuko litzaiguken emaitzak ez ditugula lortu, baina iruditzen zait esperientzia oso ona izan dela lan dinamika on bat hartzeko.  

Talde bezala trinkotzeko, nolabait esatearren?
Hori da, bai. Azkenean, bakoitzaren indarraren arabera lan ezberdinak banatzeko. Esan bezala, agian ez ditugu lortu nahi genituen emaitzak esprintetan. Ez dugu asmatu biribiltzen. Ginga jartzea falta izan zaigu, baina txirrindularitza horrelakoxea da... Askotan espero ez duzunean etortzen dira emaitzak. Konstantea izatea da garrantzitsuena, lanean jarraitzea, etapa luze batean bezalaxe.  

Zuri dagokizunez, nahiko indartsu ikusi zaizu, batik bat azken bi etapetan: azken aurrekoan ihesaldian sartuta, eta azkenekoan 9. sailkatuta.
Aurten, etxean egindako lana ondo joan da, ez baitut gorabeherarik eduki, eta gogotsu joan nintzen Turkiara. Jakin banekien lasterketa egunak falta zitzaizkidala. Izan ere, apirilean debutatu nuen La Roue Tourangelle klasikoan, Frantzian, eta hortik jarraian Turkiara joan nintzen. Etxeko lanak ongi eginda neuzkan, baina beldur pixka bat ematen zidan: ez nekien lasterketako puntu hori izango ote nuen ala ez. Baina egunak aurrera joan ahala ikusi nuen gorputzak oso ongi erantzuten zidala. Azken aurreko etapan nire aukeratxoaz baliatu nintzen, eta azken etapan, ongi sentitzen nintzenez, esprintean sartu nintzen. Lehen hamar sailkatuen artean helmugaratu nintzen, eta oso gustura geratu nintzen egindako lanarekin.  

Orain etxera itzuli zaren honetan, zer sentsazio dituzu?
Lasterketara itzultzeko gogoz nabil. Energia ziztada positiboa izan da niretzat Turkiako Itzulia. Egunetik egunera gorantz nindoala ikusten nuen, eta bertan egindako esfortzuak oso ongi asimilatzen nituela. Beraz, berriro ere lasterketan parte hartzeko irrikaz nago, tropeleko onenekin egoteko, eta ahal bada, lehiakorra izateko.

Elkarrizketaren bigarren zatia irakurtzeko klikatu gainean.