Itziar Garate: "Marte beti dabil bolo-bolo, aurten bereziki"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 25a, 11:34
Itziar Garate (Teknopolis)

1996. urtean antolatu zen Zarautzen lehenengoz Astronomia Astea. Harrezkero, salbuespenak salbuespen, urtero prestatu ohi ditu hainbat hitzaldi zein jardunaldi Arkamurka Natura Taldeak, astronomiaren aterkipeko hainbat gairen inguruan. Aurtengo jardunaldietan Marte planeta izango da ardatza, eta prestatu dutenaz nahiz Arkamurkan diharduten astronomiazaleen jardunaz aritu da Itziar Garate astrofisikaria.

Arkamurka Natura Taldeko Astronomia saileko kide zara. Zer egiten duzue?

Bai. Natura taldea da Arkamurka, eta bere indarguneak dira biologia, mikologia eta abar. Gaur egun 40 edo 50 bazkide inguru gara, eta astronomia zaletasuna daukagunak hamar bat. Laurdena edo gutxiago gara, horregatik, saila deitzea askotxo dela uste dut.

Gure artean aniztasun handia dago. Gehienak ez dira teknikariak, beste bat eta ni fisikariak gara, orduan, gu gara nolabait zati zientifikoa, eta besteak dira gehiago astronomiazaleak. Batzuek esperientzia handia daukate behaketan; teleskopioak erabiltzen, astroargazkiak ateratzen eta horrelako kontuetan oso adituak diren bizpahiru badaude, esaterako. Oso talde txikia baina polita daukagu. 

Nolako bilakaera izan du?

Duela urte batzuk askoz aktiboagoa zen taldea, jende gehiago izaten ginelako. Bilera gehiago egiten ziren. Gaur egun antolatzen dugun Astronomia Asteaz aparte, noizean behin geratzen gara kafea hartzeko eta momentuko albisteak komentatzen ditugu. Zaletasuna daukagun taldea gara, bestelako asmo edo helbururik gabe. Edozein etor daiteke, nahi duena egin daiteke Arkamurkako kide urtean oso kuota txikia ordainduta.

Lehen, esaterako, irteerak egiten genituen. Duela 20 urte baino gehiago, 1999an, guztiz osorik ikus zitekeen eklipse bat egon zen Hungarian, eta batzuk juntatu eta haraino joan ziren eklipse hura ikustera. Ni garai hartan ez nengoen taldean. Badaukagu horrelako irteeraren bat egiteko gogoa, baina egungo egoerak ez du halakorik baimentzen.

Pandemia egoeragatik egin ezin baduzue ere, hitzordu garrantzitsua izan ohi da Astronomia Astean eguzki behaketa.

Bai, urtero antolatu dugun astearen eskema da astean zehar hiru hitzaldi ematea, elkarrengandik oso desberdinak. Saiatzen gara behintzat batek alderdi zientifikoa lantzea, izan zulo beltzei buruz, izan planetei buruz, izan astronomiaren barruko beste zerbaiti buruz. Beste hitzaldi bat behaketekin egon ohi da lotuta, eta hirugarrena aldakorra da, urtero desberdina. Gero, asteburuan, beti saiatzen gara goizez eguzki behaketa egiten eta gauez gaueko behaketa. Askotan ez da posible izaten eguraldiagatik, baina beste batzuetan bai. Horrek atentzioa ematen dio jendeari, lehendik hitzorduaren berri izan ez badute ere, kalean ikusten dutelako, Munoa plaza erdian, jendea teleskopioekin. Kuriosoa da. Zoritxarrez, azken bi urteetan pandemiagatik ezin izan dugu horrela egin.

Zer prestatu duzue aurtengo Astronomia Asterako?

Astea egin ordez, jardunaldiak egingo ditugu. Bi jardunaldi prestetu ditugu: bat online hitzaldia eta bestea Modelo aretoko ekitaldia. 

Marte planeta landuko duzue bi saioetan. Zergatik aukeratu duzue gai hori?

Marte beti dago modan, beti dago bolo-bolo gure inguruan, baina aurten bereziki. Orain heldu den robotagatik edo aste honetan izan ditugun helikopteroaren hegaldiagatik. Gai hori aukeratzearen errua nirea izan da hein batean; Euskal Herriko Unibertsitatean zientzia planetarioko kide naiz eta gu misioan sartuta gaude, orduan, jendeari erakutsi behar diogu Euskal Herri mailan egiten dela lan, eta Zarautzen badaukagula jendea horretan dabilena.

Zu egongo zara Modelo aretoko solasaldian, orduan?

Printzipioz bai. Ea pandemiak ahalbidetzen digun. Nik Bilbon egiten dut lan, saiatuko naiz Zarautzera joaten eta han egoten, baina ezin dut ziurtatu azken momentura arte. Lehenengo misio konkretu bati buruzko dokumental bat eskainiko dugu, eta ideia da ondorengo solasaldian komentatzea misio zehatz horrek zer helburu dituen, bete dituen ala ez, zein den gaur egungo egoera... 

Iruñeko planetarioko ikerlariak emango du bigarren hitzaldia. Garrantzitsua al da planetario hori inguru honetan? 

Bai, jendeak ezagutzen du. Planetario potentea da, dibulgazio aldetik ekintza asko egiten ditu, ez da Iruñean bakarrik gelditzen eta asko zabaltzen da. Denok dakigu non dagoen eta zer egiten duen. Agian ez dena horren ezaguna, oraindik ez duelako indar gehiegi izan, da planetarioan bertan egiten den zientzia. Orain arte dibulgazioa egin dute gehienbat, baina hemendik aurrera Iñakiren laguntzarekin eta gure taldearekin daukan harremanarekin lotuta, indarra eman nahi diote egiten duten zientziari. Iñaki Marten aditua da, horri buruz egin zuen tesia, eta hitzaldi zientifikoagoa izango da, Marteren atmosferari buruz eta abar. 

Zarauztarrek ba al dute astronomian interesik?

Astronomiak asko deitzen du, jendeari asko gustatzen zaio. Jende askok ez daki Astronomia Astea egiten denik ordea, eta egiten dugun propaganda gehiago edo gutxiago iristen da. Azken bi urte hauek kenduta, beti Arkamurkaren egoitzan izan dira hitzaldiak. Gela txikia daukagu, baina 50-60 pertsona elkartzera iritsi gara. Arkamurkaren barruan ere esaten digute, Astronomia Asteak indarra badaukala.

Gainera, beti egiten dugu ahalegina behintzat hitzaldietako bat euskaraz izateko. Gehienetan ez da posible, hizlari askok ez dakitelako edo ez direlako euskaraz egitera animatzen. Aste guztia euskaraz egitea oso gutxitan lortu dugu, baina saiatzen gara behintzat hitzaldi bat euskaraz antolatzen, ikusarazteko Euskal Herriko ikerketarekin badagoela lotura. 

 

XXIII. Astronomia Astea

Lehen hitzaldia Exomars misioa: lehen eta orain izango da, eta hilaren 27an eskainiko dute, 19:30etik aurrera, Modelo aretoan. Europako Espazio agentziak abiatutako programari buruz dokumental motz bat jarriko dute lehenik eta behin, eta ondoren, mahai-inguru baten bidez, egungo egoera aztertuko dute Arkamurkako kideen eskutik.

Bigarren hitzaldia streaming bidez izango da, hilaren 29an, eta Marteri buruz aditua den Iruñeko Planetarioko ikertzaile Iñaki Ordoñez Etxeberriak eskainiko du Exploración espacial en Marte (Espazio-esplorazioa Marten) izenburupean. Honek Marteko esplorazioaren historiaren errepaso txiki bat egingo du, teleskopio arruntak erabiliz egindako lehen behaketetatik hasi eta planeta gorrian lurreratu diren azken misio espazialetaraino. Saioa 20:15ean hasiko da eta gaztelaniaz izango da.