Zortzi dominarekin itzuli dira ZKEko Halterofiliako kirolariak Gipuzkoako Txapelketatik

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 25a, 09:39
ZKEko altxatzaileak atzo, Villabonan. (@ZKEhalterofilia)

Atzo egun osoko lehia izan zuten Villabonan (Gipuzkoa) ZKEko hamasei altxatzailek, eta emaitza bikainak lortu zituzten. Sei kategoria ezberdinetan, zortzi domina eskuratu zituzten zarauztarrek atzoko Gipuzkoako Txapelketan.

55kiloko gizonezkoen kategorian hiru dominak zarauztarrentzat izan ziren, eta gainontzean, urrezko dominak eskuratu zituzten 67 kiloko gizonezkoen kategorian eta 81 kiloko emakumezkoenean; baita zilarrezko hiru domina ere, 73 kiloko gizonezkoen mailan, 96 kiloko gizonezkoenean eta 59 kiloko emakumezkoen mailan.

Gainera, atzoko lehian aurrehautatuak izan ziren ZKEko Danel Lopez, Ane Grijalba eta Diana Burbano Gipuzkoako Selekzioarekin Euskadiko Txapelketan parte hartzeko.