Zer ez dugu ulertu (nahi)?

Zarauzko Hitza 2021ko api. 25a, 15:00

Kritiko agertu da gaur ere Felix Zubia mediku zarauztarra 'Berria' egunkarian idatzi duen artikuluan. "Gaitzaren atzetik" ibiltzea leporatu die agintariei, eta beharrezkotzat jo ditu transmisio kateak eteteko neurriak.

Koronabirusaren pandemia 1918tik hona izan dugun osasun larrialdirik okerrena da. Mundu mailan bi milioi eta erdi pertsona baino gehiago hil dira; Hego Euskal Herrian, 5.200 baino gehiago. Gure zainketa intentsiboetako unitatean 500 pazientetik gora artatu ditugu, eta ehun inguru hil dira.

Birusaren hedapena esponentziala da, hau da, lehenik igoera txikiak izaten dira, baina maila batera heltzen denean, izugarri biderkatzen da denbora gutxian. Hori dela eta, neurriak hartzeko datuak okertzera itxaroteak ez du zentzurik, izugarrizko triskantza dakarrelako atzetik. Ez dut ulertzen nola itxaroten dugun hamalau eguneko tasa okertzera neurriak hartzeko, igoera datorrela ikusita. Horrela, beti gaitzaren atzetik joango gara. Zortzigarren egunean egoera txarra dela nabarituta, neurriak aurreratu beharko lirateke.

Bide beretik, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarri diren larritasun mailak altuegiak dira. Estatuan, hamalau eguneko eta 100.000 biztanleko 150 kasu gainditzean, alarma laranja pizten da, eta 250 kasuak gainditzean, gorria. Euskal Autonomia Erkidegoan, 300 kasutan pizten da alarma laranja, eta 400 kasutan gorria.

Eremu itxietan ematen da birusaren hedapenik handien; 40 aldiz handiagoa da arriskua. Aireztapena eta espazio itxietan ez biltzea dira, musukoekin batera, hartu beharreko neurriak.

Jarraitu artikulua irakurtzen berria.eus atarian.