Positiboak behera, intzidentzia tasa gorabeheratsu

Orotara, 10.984 proba egin eta 828 positibo zenbatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa %7,7 da, herenegun bezalaxe; Nafarroan nabarmen egin du gora; %5,3 zen herenegun eta %6,8 atzo. COVID-19aren ondorioz, herenegun baino bi lagun gehiago daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetan.

Positiboen kopuruak behera egin du Hego Euskal Herrian azken orduetan, baina horretan eragina izan du egindako PCR eta antigeno kopurua gutxitzeak ere. Izan ere, orotara, 10.984 proba egin eta 828 positibo zenbatu zituzten.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 8.876 proga gauzatu zituen Osakidetzak atzo, eta 685 lagunek eman zuten positibo; hau da, proba gauzatu zuten herritarren %7,7k. Bizkaian 290 positibo zenbatu zituzten atzokoan, Gipuzkoan 290 eta Araban 74; gainera, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau lagunek ere positibo eman zuten probetan. Nafarroan, berriz, 2.108 PCR eta antigeno proba egin zituzten, eta horietan 143 positibo atzeman. Hori dela eta, positibotasun tasa %6,8ra igo da –herenegun %5,3 zen–.

Ospitaleetako egoera ez da herenegun baino hobea. Atzo 72 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, COVID-19aren ondorioz, eta herenegun baino bi lagun gehiago daude hiru lurralde horietako ZIUetan: 188 pertsona. Nafarroan, berriz, lau lagun ospitaleratu zituzten atzo, horietako bi ZIUn.

Asteburua izanik, Osakidetzak ez ditu herriz herriko datuak eman; bihar argitaratuko ditu horiek.