Banku eta aurrezki kutxen aurrean egin dute protesta gaur pentsionistek

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 26a, 13:09

Adineko pertsonek beren dirua kudeatzeko dituzten zailtasunak salatu ditu gaur pentsionisten mugimenduak, finantza erakundeen aurrean protesta eginez. Sukurtsalen itxierak, ordutegi zorrotzek eta langileak murrizteak kudeaketa hori zailtzen diela seinalatu dute.

Astelehenero bezala, manifestazioa egin du Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak herriko Alde Zaharrean, baina oraingoan, azkenaldian finantza erakundeak edukitzen ari diren jarrera salatu nahi izan dute. "Estatuko banku handiak bategite eta xurgapen prozesuan sartu dira, eta oligopolio egoerara eramaten ari dira", dio protestaren aurretik zabaldu duten testuak. Prozesu horrek finantza erakundeen "boterea areagotzea" dakarrela salatu dute, eta ondorioz "soldatak eta pentsioak zalantzan" jartzen direla, "baina inoiz ez enpresen irabaziak, goi-exekutiboen soldata gehiegizkoak, kontseilrien prima eta kontratu blindatuak, ezta, jakina, beren kudeaketen gastu handiak eta komisioak ere".

Horrez gain, nabarmendu dute azken urteotan administrazio prozesuak modu digitalean egiten direla gero eta gehiago, eta horrek eta COVID-19aren aurkako neurriek "bulegoak eta langileak nabarmen murrizteko" eta "jendeari zerbitzua emateko ordutegiak murrizteko" baliatu dituztela azaldu dute. "Udalerri txiki askotan zerbitzua astean bi egunera murriztu da edo, besterik gabe, sukurtsala betiko itxi dute".

810 sukurtsal gutxiago

Gaineratu dute irekita geratzen diren bulegoetako ilarak "lotsa sentitzeko modukoak" direla. "Ez diete erreparatzen espaloietan zutik eguraldi txarraren eraginpean dauden adineko pertsonei, eta denbora luzez itxaron behar izaten dute eskudirua izateko". Diruaren kudeaketa "korapilatu" egiten zaiela diote, "ordutegi zorrotzak" daudelako. Kutxazain automatikoetara bideratzen dituztela salatu dute, eta horien erabilera batzuentzat "zaila eta arriskutsua" dela iritzi diote; "edo are axolagabetasun handiagoarekin, zerbitzu telematikoa eskaintzen zaie, gehienentzat ezinezkoa dela jakinda".

Datu zehatzak ere plazaratu dituzte: "2008ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra arte, 97.000 enplegu baino zertxobait gehiago galdu ziren Espainiako bankuetan, eta 22.628 sukurtsal itxi ziren". Pentsionisten arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 810 sukurtsal itxi zituzten epe tarte horretan. Denboran horren atzera egin gabe ere, zenbaki kezkagarriak zerrendatu dituzte gaurkoprotestan: "2020ko urtarrilaren 1etik urriaren 30era bitartean, Espainiako bost banku handiek 1.728 perrtsona kaleratu zituzten eta Espainian 769 bulego itxi".

Eskari zehatzak

Egoeraren irakurketa egin ondoren, eskatu dute Espainian, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan nahiz Nafarroan "banku publikoa" garatzea. "Kutxabankek kutxa zaharren izaera publikoa eta soziala berreskuratu behar du".

Ondorengo eskari zehatzak plazaratu dituzte:

  • Erakundearen sukurtsal bakoitzean leihatila esklusibo bat irekitzea 65 urtetik gorakoentzat.
  • Komisiorik gabeko txartelak ematea, hala eskatzen duten 65 urtetk gorakoei, horiek erabiltzeko inolako kontrapartidarik lotu gabe.
  • Komisioak gutxienez 2015eko mailara jaistea, herritarrok dirua seguru izateko dugun oinarrizko eskubidea berreskura dezagun.
  • Zerbitzu presentziala bermatzea. Aurrez aurreko nahiz kutxako zerbitzua berriz ezartzea, lehen zeuen udalerri txikiagoetan barne, nahikoa izango den arreta ordutegiarekin.
  • Euskal herriko udal guztiei eskatzen diegu ginerako banku eta aurrezki erakundeetara ere jo dezatela, jardunbide egokiak berreskura ditzaten.

Eskaera horiek helaraziko dizkie pentsionisten mugimenduak banketxe, talde politiko, sindikatu eta BBK Fundazioaren organoetako udal ordezkariei. Zarautzen, manifestazioan banku erakunde bakoitzaren aurrean egin dute protesta, eta beren eskaerak helarazi dizkiete.