Diruz lagunduko dute enpresa berria sortzea nahiz ideia berriak lantzea

Lanbidek hiru hilabete iraungo dituen programa sortu du Urola Kostako Udal Elkartearen laguntzarekin, eta izena ematen dutenek taldeko saioak eta bakarkako tutoretzak jasoko dituzte astean behin. Maiatzaren 13an, 12:00etan, amaituko da izena emateko epea.

Enpresa berria sortzeko asmotan diren herritarrei lagundu nahi die Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, baita ideia berriak dituztenei horiek aztertzen ere. Hala, hiru hilabeteko iraupena duen programa osatu du Urola Kostako Udal Elkartearen laguntzarekin. Izena ematen dutenek astean behin taldeko saioak nahiz bakarkako tutoretzak jasoko dituzte, eta horiek diruz lagunduko dituzte.

Hain zuzen, bi dirulaguntza mota zehaztu dituzte: batetik, enpresa ideia aztertzeko gehienez 1.000 euroko laguntzak emango dituzte sustatzaile bakoitzarentzat. Zenbateko horrek %15eko igoera izango du, eskabidea aurkezteko unean sustatzaileak 18 eta 30 urte artean baldin baditu, edo emakumezkoa baldin bada.

Bestetik, enpresa berria sortu eta alta emateko dirulaguntzak daude: horiek gehienez 1.500 eurokoak izango dira, baina aurreko kasuan bezala, gehigarriak izango dituzte emakumeek nahiz 18 eta 30 urte bitartekoek.

Programan parte hartzeko zenbait betebehar bete beharko dira:

  • Eskualdean erroldatua egon
  • Aurreko urtean IAEn altan emanda ez egon
  • Langabezian inskribatuta egon
  • Aurreko urteetan gai beragatik dirulaguntzarik ez jaso
  • Esklusiboki prozesuan egon (edo %30eko lanaldia baino gutxiagoa izatea)

Programa maiatzaren 19an hasiko da, eta izena emateko azken eguna maiatzaren 13an amaituko da, 12:00etan. Eskaerak Urola Kosta Udal Elkartean bertan, edota Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira.

Informazio gehiago nahi izatera, 943-89 08 08 telefono zenbakira deitu daiteke, eta Enpresa Sustapen Zerbitzuaz galdetu (Maider eta Johanna).