23 kasu positibo berri baieztatu dituzte

Atzo eskualdean gauzatutako PCR eta antigeno probetan 56 positibo atzeman zituen Osakidetzak. Intzidentzia tasak apaltzera egiten ari dira Urola Kostako herrietan, baina hala ere, eremu gorrian daude herri gehienak. Hego Euskal Herrian, orotara, 900 positibo atzeman dituzte; horietatik 341 Gipuzkoan. 

COVID-19aren pandemia gogor ari da kolpatzen beste behin Hego Euskal Herria, eta Urola Kosta eskualdea ez da salbuespena. Joan zen astean baino kasu gutxiago ari dira atzematen hasi berri den honetan, baina hala ere, datuak ez dira onak; izan ere, atzo eskualdean gauzatutako PCR eta antigeno probetan 56 positibo atzeman zituen Osakidetzak. Kasu gehien Zarautzen atzeman zituen; 23, orotara. Azkoitian, berriz, bederatzi kasu detektatu zituen Osasun Sailak atzo, eta zortzi Zumaian. Honako hauek dira gainerako herrietako atzoko kopuruak: Azpeitia sei, Orio bost, Getaria hiru, Zestoa bat eta Aizarnzabal 1.

Intzidentzia tasak apaltzera egiten ari dira Urola Kostako herrietan, baina hala ere, eremu gorrian daude herri gehienak. Izan ere, oso altuak dira 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak; Errezil (161,03 da hango tasa) eta Beizama (0 da hango tasa) dira salbuespen bakarrak. Aldiz, beste muturrean daude Aia (2.115,87), Getaria (1.519,43), Zumaia (1.322,89), Zarautz (1.267,83), Azkoitia (1.159,98) eta Orio (1.190,48). Aizarnazabalgo, Zestoako eta Azpeitiko tasak baxuagoak dira, 910,27, 719,05 eta 604,47, hurrenez hurren.

Gipuzkoan positibo gehien

Atzoko datuen arabera, Osakidetzak 12.562 diagnostiko froga gauzatu zituen, eta 774 lagunek eman zuten positibo horietan; hau da, proga gauzatu zuten herritarren %6,2k eman zuten positibo. Datu txarrenak Gipuzkoan zenbatu dituzte; izan ere, 341 kasu detektatu dituzte azken orduetan lurralde horretan. Bizkaian ere oso antzekoa izan da datua, 340 positibo atzeman baitituzte han, eta Araban, berriz, egoera lasaiagoa da –82 lagunek eman dute positibo–. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste 11 lagunek ere positibo eman zuten atzo. Datu horiek tarteko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 546,89 da egun.

Hiru lurralde horietako ospitaleetako egoera larria da, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Atzo, 91 lagun erietxeratu zituzten, eta egun, 543 lagun daude COVID-19aren eraginez ospitaleratuta, horietatik 189 ZIUetan -herenegun baino hiru gutxiago–. Egoera dela eta, “premiazkoak” ez diren ebakuntzak gutxienez bi astez atzeratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak.

Nafarroan hobetzen ari dira datuak. Atzo 2.358 PCR eta antigeno proba egin zituen Osasunbideak, eta 126 positibo detektatu zituen. Positibotasun tasa %5,3 da Nafarroan; atzo %7,8 zen. Oraingoz ez dute Nafarroako ospitaleetako egoeraren berri eman hango erakundeek.