Hasi dira Vista Alegreko espaloiak konpontzen

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 27a, 16:00
(Zarauzko Udala)

Harlauzak kendu eta asfalto gorria jarriko dute auzoko hainbat gunetan. Modu horretan "labainketen arriskua saihestea" da asmoa.

Zarauzko Udalak gaur jakinarazi du martxan direla Vista Alegreko espaloien konponketa lanak. Aste honetan egingo dituzte obrak; hain zuzen, aurrez zeuden harlauzak kendu eta asfalto gorri berria jarriko dute auzoko zenbait gunetan. Lurra bustita dagoenean egon daitezkeen "labainketen arriskua saihestea" da helburua, udalaren arabera.

Vista Alegren "igoera errazteko" asmoz, "maldatsuak" diren hainbat tokitan baranda jarriko dutela ere jakinarazi du udalak. Iban San Martin Obra Txiki eta Zerbitzu zinegotziaren esanetan, "auzoko hainbat gunetan lurreko zoladura aldatu beharrean zegoela" adierazi zioten udalari auzoko hainbat bizilagunek, eta horren harira abiatu dituzte lanak.

Obra horietarako 48.398 euroko inbertsioa (BEZ barne) egin du udalak, eta Probisa enpresa arduratuko da konponketa lanak gauzatzeaz.