Maiatzaren 3an irekiko dute haur igeriketako hurrengo saioetarako izen-ematea

Dorleta Agiriano Lai 2021ko api. 27a, 18:30
(Zarauzko Udala)

Maiatzetik ekainera bitartean ere haur igeriketako ikastaroak izango dira Karramarro, Olagarro, Igel eta Marrazo mailetan. Jakinarazi dute, bestalde, udan ere eskainiko dituztela haur igeriketako ikastaroak.

Datozen hilabeteetan ere egingo dituzte haur igeriketako saioak Aritzbatalde kiroldegian. "Eskaera kopuru handia kontuan hartuta", saio gehiago antolatu dituzte Karramarro, Olagarro, Igel eta Marrazo mailetan. Lau asteko iraupena izango dute, hain zuzen, maiatzaren 24an hasi eta ekainaren 18ra arte. Astean behin egingo dituzte saioak haurrek.

Maiatzaren 3tik 9ra bitartean eman beharko dute izena parte hartzeko asmoa dutenek, baina udalak azaldu du aurreko bi hiruhilekoetan ikastaroa egin ez duten haurrek izango dutela lehentasuna. Maiatzaren 10ean egingo dute zozketa, eta egun horretan kaleratuko ditu zozketako emaitzak Zarauzko Udalak, zarautz.eus web orrian. Abonatuta daudenek 15,55 euro ordaindu beharko dituzte ikastaroa egiteko, eta abonatuta ez daudenek, 26,60 euro.

Plaza librerik balego, aurreko bi hiruhilekoetan ikastaroan parte hartu duten haurrek eman ahal izango dute izena, maiatzaren 11tik 16ra bitartean. Maiatzaren 17an egingo dute bigarren zozketa, eta kasu horretan ere udalaren web orrialdean argitaratuko dituzte emaitzak.

Udan ere martxan

Datorren udari begira ere jarri dira Aritzbatalden. Aurreratu dutenez, udan ere eskainiko dituzte haurrentzako igeriketako ikastaroak. Maiatzaren 18an zabalduko dute saio horietarako izen-ematea, eta maiatzaren 30era arte egongo da zabalik. Hurrengo egunean, maiatzaren 31n, egingo dute udako ikastaroetarako zozketa.

Informazio gehiago behar dutenek mezu bat bidal dezakete kirola@zarautz.eus helbide elektronikora, bai eta 943 00 51 23 telefono zenbakira deitu ere.