Trena martxan da berriro ere

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 30a, 09:30
ZKEko lau irristariak; lehian parte hartuko duten hirurak, entrenatzeko gertu. (Amaia Urbieta Arruti)

Pandemiak eragindako traben gainetik, atzera entrenatzen hasi dira ZKEko hainbat irristari. Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketa izango dute bihar Gasteizen.

Duela bost urte inguru egin ziren lehen irristaketa saioak Zarautzen, Gari Astarbe hernaniarraren gidaritzapean. Arrakasta izan zuten, eta kirolari ekiteko gogotsu zegoen talde batek Irristaketa saila sortu zuen Zarautz Kirol Elkartean handik hilabete gutxira. Apurka-apurka ikastaro gehiago, entrenamenduak eta bestelako ekitaldiak antolatzen hasi ziren, eta gorpuzten joan zen taldea. Gaur egun, 25 kidek osatzen dute, eta hamabi dira federatuta daudenak. Horietako laurekin, Bego Agirre, Itxaso Agirre, Karmele Ezenarro eta Gurutze Ostolazarekin, egon da Urola Kostako Hitza. 

Prestaketa lanetan dihardute lehenengo hirurek egunotan, Euskadiko Irristaketa Txapelketan parte hartuko baitute bihar, larunbata, Gasteizen Euskadikoarekin batera, Gipuzkoako Txapelketa ere jokatuko da, beraz, iaz pandemiak eragindako hutsunea betetzeko tartea edukiko dute. 

Gogoan dauka Ezenarrok duela bi urteko hura. «400 metroko pista eder batean egin genuen txapelketa; taldetxo bat joan ginen eta oso ederki ibili ginen. Momentuz, ez dugu beste txapelketarik eduki harrezkero». Pena dauka Ezenarrok, izan ere, azaldu du udaberri honetarako ekitaldiak eta txapelketak normal egin ahal izatea espero zutela, baina ez da hala izan. «Azken urtean ezer egin gabe geratu gara. Orain, gure kontu hasi gara ibiltzen batzuk; ahal dugunok, askok lana dutelako, edo haurrak zaindu beharra». Jubilatuta dago Ezenarro, eta kirolari petoa da. Irristaketan hainbat domina lortu izan ditu zenbait lasterketatan, eta korrika ere aritzen da Zarauzko Emakume Korrikalariak taldean. 

Karmele Ezenarro: «Ez molestatzea bilatu behar izaten dugu, umeak ibiltzen dira parke eta bideetan»

Agirre ahizpa getariarrak ere gogotsu daude berriro lasterketei ekiteko, eta gustura joango dira bihar Gasteizera. Azaldu dute «lasai-lasai» joango direla txapelketara, lehia albo batera utzita. «Guri irristaketan ibiltzea gustatzen zaigu, eta orain hemen inguruan horretarako aukera gutxi dagoenez, baliatu nahi dugu biharkoa», dio Itxasok. Sekula ez dira txapelketan atera aurretik agirretarrak, beraz, esperientzia berria izango da biharkoa. «Gainera, aukera izango dugu ondo moldatzen den jende hori ikusteko, ez ditugu inoiz ikusi-eta», azaldu du Begok.

Bego Agirre: «Irristaketarako aukera gutxi dago orain, eta biharkoa baliatuko dugu»

Oztopoen gainetik

Lehian aurretik atera ez badira ere, hainbat lasterketatan parte hartu dute bi getariarrek: Zubiri-Iruñea, Donostiako Klasika, Kosta Roller... Pena dute inguruko hainbat lasterketatan irristaketa proba orain ez delako egiten; Lilatoian, esaterako. «Pena handia izan zen Lilatoikoa kentzea. Motza izaten da, eta aukera bat zen edozein adinetako emakumeak  animatzeko». 

Bego Agirre: «Pena izan zen Lilatoikoa kentzea, emakume gehiago animatzeko aukera zen»

Urte gutxian indarra hartu du irristaketa taldeak, Ezenarroren arabera, «jendeak lan handia»â€ˆegin duelako. Ostolazak azaldu du «esker oneko» kirola dela. Alegia, oso denbora gutxian ikas daiteke ongi ibiltzen, haserako hobekuntza nabarmena izan ohi da. «Oinarrizkoa da ongi geratzen eta erortzen ikastea», azaldu du. Izan ere, erorikoak arriskutsuak izaten dira sarri kirol horretan, eta lau irristariek izan dute sustoren bat edo beste.

Erorikoena ez da aurre egin beharreko arrisku bakarra irristarientzat, ordea. Eguneko momentuaren arabera, jende gehiago edo gutxiago ibili ohi da kalean, eta jende asko dabilenean zaila izaten da denak saihesten ibiltzea. «Bilatu behar izaten dugu molestatu gabe ibiltzea, arratsaldeetan ume asko ibiltzen delako parke eta errepideetan», azaldu du Ezenarrok.

Gurutze Ostolaza: «Bakarkako kirola den arren, talde izaera handia dauka irristaketak»

Ahizpa getariarrentzat ere «zaila» izaten da herri barruan irristaketan aritzea. Faltan zer sumatzen duten galdetuta, «bidegorri gehiago edo guretzako pista bat» beharko luketela dio Begok. «Asteburuetako ikastaroak antolatzen ditugunean zaila izaten dugu kontua. Itxasmendiko pista okupatuta egoten da, frontoia ere bai, eta euria egiten duenean leku estalia behar izaten dugu», dio.

Izan ere, pandemiaren aurretik ekintza nahiz ikastaro asko antolatzen zituen irristaketa taldeak. Ostolazak azaldu du irristaketa artistikoa egiten dutenak edo slaloma egiten dutenak ekarri izan dituztela kirola ikusarazteko, baina gaur egun ezin dute horrelakorik egin. «Taldea osasuntsu dago, baina pandemiak eragin handia izan du».

Talde izaerari garrantzia handia ematen dio Ostolazak. «Bakarkako kirola den arren, talde izaera handia du. Txirrindularitzan pelotoia izaten den hori trena da irristaketan. Zu trenean zoazenean, azkarrago joaten zara».