Udalak 20.000 euroz areagotuko du ZAEri bideratutako dirulaguntza

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 3a, 17:00
Jon Artola, Leire Arana eta Xabier Txurruka. (Zarauzko Udala)

Emakumeen arraun proiektua babesteko helburuarekin onartu zuten kreditu aldaketa ostegunean, osoko bilkuran, udal alderdi guztien aldeko botoekin.

Zarautz Arraun Elkarteak udaletik jasotzen duen dirulaguntzari 20.000 euro geaineratzea onartu zuten osteguneko udalbatzarrean, aho batez. Kreditu aldaketa egiteko erabaki nagusia izan da denboraldi honetarako klubetik abiarazitako emakumeen arraun ibilbidea eraikitzen laguntzeko eta babesteko helburua. Zarautz Arraun Elkarteak beti izan du eskaintza parekidea izateko jarrera eta, urte askoren ostean, 2020 urteko irailean berriz ere emakumeen trainerua ateratzeko erronkari heldu zion ZAEk.

Hasierako deialdira 24 emakume gerturatu ziren, eta abendura arteko trantsizio aldia egitea erabaki zuen elkarteak, probatzeko; abenduan 30 emakume ziren taldeari atxiki eta konpromisoa hartu zutenak. Erantzuna ona izan zela ikusita, elkarteak erabaki zuen 2021 denboraldia ETE Ligan parte hartzeko aukera paregabea zela, nahiz eta hutsetik hasi behar izango duten. "Zarautzek, bederatzi urte eta gero, nesken trainerua izango du uretan aurtengo udan. Ilusioz beteriko ontzia, arraun egiteko gosez", adierazi du Jon Artola ZAEko presidenteak. Bide batez, eskerrak eman dizkio udalari erronka hau aurrera atera ahal izateko emandako babesagatik.

"Inflexio puntuan"

Kirol zinegotzi Leire Aranaren iritziz, emakumeen kirolaren ikuspegitik, ZAE "inflexio puntu batean" dago. "Elkartean inoizko emakumeen parte hartzerik handiena dago une honetan. Iazko datuekin alderatuta, 51 emakume arraunlari gehiago daude aurten: infantil mailan 25, kadete mailan 5, jubenil mailan 17, eta senior mailan 16". Hastapeneko mailan dauden neskentzat erreferentziazko emakumeen traineru bat izatea elkartean "izugarri garrantzitsua" dela uste du, eta, horregatik, emakumeen arrauneko proiektu berri honen hasierako ibilbidean "babesa eta laguntza ematea ezinbestekoa" dela.

Xabier Txurruka alkateak adierazi du arraun elkarteari ematen zaion laguntza honekin, "Jon Artola presidenteari emandako hitza betetzen" dutela; hau da, emakumeen trainerua uretaratzean Zarauzko Udalaren babes osoa jasoko dutela.