"ETA goraipatzen duten mezuak" galarazteko mozioa onartu du udalbatzarrak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 3a, 15:45

PSE-EE udal taldeak aurkeztu zuen mozioa, eta aldeko hamahiru boto jasota onartu zuen udalbatzarrak.

Fernando Buesa Fundazioak, Gogoanek eta Elkarbizi elkarteak prestatutako mozioa onartu zuen udalbatzarrak osteguneko bilkuran. PSE-EEk aurkeztu zuen, eta aldeko hamahiru botorekin onartu zen; hain zuzen, EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduko bi zinegotzik bozkatu zuten alde. Mozioan onartu zen, besteak beste, «udalek bermatzea espazio publikoak bizikidetzarako egokiak» izan daitezela, eta ez dadila egon «ETAko kideak idealizatu edo omentzen» dituen mezurik.

Gloria Vazquez zinegotzia mozioaren inguruko azalpenak ematen ari zela, Oihane Delgado Podemos EquoBerdeak taldeko zinegotziak argazki bat jarri zuen agerian; bertan, PSOEko Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohia ikus zitekeen, GALen ekintza batekin lotuta egoteagatik kartzelan sartzear ziren Jose Barrionuevo ministro ohia eta Rafael Vera estatuko segurtasun idazkari ohia besarkatzen. Udalbatzarretara ezin denez inongo mezu idatzi, irudi nahiz pankartarik eraman, Xabier Txurruka alkateak kaleratu egin zuen aretotik Delgado zinegotzia.

EH Bildun bi joera

Itziar Murua EH Bilduko bozeramaileak bere hitzartzean adierazi zuen mozio horrek «talka politikoa sortzea» duela helburu, «eta ez elkarbizitza lantzea». Gaiari heltzeko prest daudela, baina «lokatz horretan» ez direla sartuko azaldu ondoren, udalbatzar aretotik atera ziren bertan zeuden EH Bilduko lau zinegotziak. Koalizioaren bigarren hitzartzean, berriz, Begotxu Olaizola zinegotziak jakitera eman zuen mozioaren alde bozkatuko zutela batzarra telematikoki jarraitzen ari ziren Mikel Goenagak eta berak, «bizikidetzarentzat oinarrizkoak diren puntuak» jasotzen direlako, «beste asko falta badira ere», zehaztu zuen.

EAJko zinegotziek ere aldeko botoa eman zioten mozioari, Jesus Arana bozeramaileak besteak beste azaldu zuenez, ongietorriek «biktimen sufrimendua areagotzen» dutelako.

Mozioaren inguruan udal zinegotziek esandako guztia ikusgai dago Apirileko ohiko osoko bilkuraren bideoan. Udalbatzarrean landutako azken puntua izan zen mozioarena.