Kalera atera dituzte berriro beren aldarriak pentsionistek

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 4a, 19:00
Atzoko elkarretaratzeko irudi bat. (Utzitakoa)

Maiatzaren 29an Euskal Herriko hiriburuetan elkarretaratzeak egingo dituztela iragarri zuten atzoko protestan.

Beste astelehen batez, kalera atera ziren Zarauzko pentsionisten plataformakoak beren aldarriak plazaratzeko. Irakurketan jakitera eman zuten Espainiako beste herri eta erkidego batzuetako pentsiodunen plataformekin harremanetan daudela, eta bat datozela "aniztasunean oinarrituta eta herri eta erkidego bakoitzaren erabakiak errespetatuta lan egitean".

Horrez gain, beren eskaerak zerrendatu zituzten:

  • 2011ko eta 2013ko pentsio erreformen eta 2010eko eta 2012ko lan erreformen murrizketak indargabetzea.
  • 2021erako iragarritako murrizketa berriak gaitzestea.
  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata.
  • Neurri eraginkorrak hartzea soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala amaitzeko.
  • Alarguntasun pentsioa %100ekoa izata
  • Erretiro aurreratua, kotizatutako 40 urterekin zigortu gabe.

Gainera, "bizi-baldintza duinak" izateko eskubidea ere plazaratu zuten astelehenean. "Gure osasuna bermatzeko, mendekotasuna zaintzeko eta artatzeko zerbitzuak eskatzen ditugu, kalitatezkoak, publikoak, komunitarioak eta unibertsalak". Hori guztia aldarrikatzeko, maiatzaren 29an Euskal Herriko hiriburuetan elkarretaratzeak egingo dituztela iragarri zuten.