Egindakoarekin gustura, baina arantzatxoarekin amaitu du denboraldia Aialak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 5a, 09:00
(Luis Epelde)

Ligako hirugarren postuan amaitu du denboraldia Aiala ZKEk. Harro egoteko moduko itzulia egin dute, baina ez da nahikoa izan maila gorenerako borrokan sartzeko.

Apirileko azken asteburuan amaitu zuen liga erregularra Aiala ZKEk, Elgoibarko Gaurve Asesores taldearen aurka 35-21 irabazi ondoren. Zilarrezko Ohorezko Mailan hirugarren amaitu dute zarauztarrek 2020-2021 denboraldia; postu bikaina da, baina ezingo dute igoerarako borrokan parte hartu, lehen bi postuetan sailkatu diren Grafometal La Rioja eta Beti Onak taldeak soilik sartuko baitira lehia horretan.

Ligako joaneko partidetan pare bat akats egin zituen Aialak, eta itzulia primerakoa egin badute ere, ez da nahikoa izan denboraldi hasieran egindako akats haiei buelta emateko. Irabazi beharreko bi partidak eskuetatik ihes egin zieten, eta itzuleran norgehiagoka bat izan ezik beste guztiak irabazi badituzte ere, ezin izan dute lehen bi postuetan sailkatu. Pena dute jokalariek igoera hori ezingo dutelako borrokatu, baina aho zapore onarekin amaitu dute denboraldia.

Hainbat jokalarik datorren denboraldian ez dutela taldean jarraituko iragarri zuten: Lide Gonzalez de Txabarrik, Nerea Arregik, Maialen Urrestik, Haizea Aldalurrek eta Oihane Bautistak. Hurrengo denboraldiko taldea zehazki zein izango den erabakitzeke badago ere, entrenatzen jarraitzen dute jokalariek datorren abuztuari begira sasoian mantendu ahal izateko.