Aurten ere Aritzbatalde Kiroldegian udako ikastaroak antolatu dituzte haur, gazte zein helduei zuzenduta. Haur eta gazteek ikastaroetan parte hartzeko hiru txanda izango dituzte aukeran: uztailaren 1etik 15era; uztailaren 16tik 30era; eta abuztuaren 2tik 17ra. 12 urtez azpiko haurrentzat igeriketa eskaintza zabala antolatu da. Horietan parte hartzeko izena emateko epea maiatzaren 18an zabalduko dute eta, beharrezkoa bada, maiatzaren 31n egingo da zozketa. Emaitzak egunean bertan argitartuko dituzte udalaren web orrian. Plaza libreak geratzen badira, izen-emate epeak irekita jarraituko du.
12 eta 16 urte arteko gazteek igeriketan edo Gaztefit jardueretan parte hartzeko aukera izango dute, eta udalak jakitera eman duenez, jarduera ezberdinak probatzeko aukera izango dute kiroldegiko fitness gunean eta igerilekuan. Ikastaro horietan izena emateko epea ere maiatzaren 18an zabalduko da.
Helduak
Helduen udako eskaintzak hilabete iraungo du: uztailaren 1etik 30era arte. Besteak beste, pilates, total training, spinning, entrenamendu funtzionala, yoga eta igeriketa eskainiko dira. Udalak jakitera eman du egungo osasun egoerara egokituko dituztela jarduera guztiak. Neurriak hartuko dituzte taldeetako edukierei eta osasun zein higiene neurriei dagokienez, eta desinfekzioaz, garbiketaz, aireztapenaz eta bestelako babes neurriez ere arduratuko dira.
Izena emateko epea ekainaren 1ean zabalduko da eta lehentasuna izango dute maiatzean ikastaroetan aritu diren ikasleek. Azken horien izena emateko epea maiatzaren 18tik 30era bitartean izango da.
Izen ematea
Kiroldegiko harreran bertan eman daiteke ikastaroetarako izena ohiko moduan eta, aurten, berrikuntza moduan, online ere egin ahalko da izen-ematea. Horretarako, kartelean dagoen QR kodea eskaneatu daiteke, edo udalaren web orrian jarriko duten loturan sartu. Argibide gehiagorako 943-00 51 23 telefono zenbakira deitu daiteke edo kirola@zarautz.eus helbidera idatzi.