Keinu txiki bat nahikoa denean

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 7a, 09:30
Azkuek azaldu du Getariako bost gunetan jarri dituztela kaxak; kiroldegian, eskolan, anbulatorioan, udaletxean, Askizun eta Meagan. (Onintza Lete Arrieta)

Zarauzko Arkamurka natur taldeko Eneko Azkuek sorbeltza deituriko txoriei lagundu nahi die, eta egurrezko kaxak sortu ditu beren habiak horietan egin ditzaten. Getarian 50 kaxa jarri ditu.

"Pentsatu sorbeltzak zaretela, eta jaio eta hiru astera hegan egiteko gai zaretela. Salto egiten duzue habiatik eta bederatzi hilabete pasatzen dituzue lurrikukitu gabe, Afrika hegoalderaino joan eta jaio zareten toki berera bueltatzeko, 20.000 kilometro eginda. Zulo berera bueltatu zarete, baina zuloa tapatuta dago. Hona  etortzean, zuen asmo bakarra da bikotea aurkitzea, habia egitea eta txitak ateratzea. Baina hiru hilabetez zulo bila jardun ondoren, amore emanda, Afrikara itzultzen zarete,  hurrengo urtean berriz 20.000 kilometro eginda bueltatzeko, eta berriz egoera bera aurkitzen duzue. Urtea joan, urtea etorri, horrela".

Eneko Azkue (Zarautz, 1999) Zarauzko Arkamurka natur taldeko kide gazteak oso presente du ingurumena bere egunerokoan –ikasketak arlo horretara bideratu ditu, eta bisita gidatuak egiten ditu Zarauzko biotopoan nahiz Garate-Santa Barbarako eremu babestuan–. Eta duela gutxi, proiektu txiki eta zehatza aurkeztu du Aiako, Getariako eta Zarauzko udaletan: sorbeltzentzat –maiatzetik abuztura eskualdeko herrietan bizi den txori mota bat–kaxak jartzea herri horietako zenbait eraikinetan, habiak egin ditzaten bertan, azken urteetan toki egokiak aurkitzeko zailtasunak dituztelako.

Azkuek patxadaz baina pasioz hitz egiten du, eta lortu du aurreneko kaxak jartzea Getarian, udalaren laguntzarekin. Zarauzko eta Aiako udal ordezkariekin ere aritu da hizketan. Uste du Zarautzen datorren urtean jarri ahal izango dituztela, eta Aiako Udalak ere gaia aztertuko duela jakinarazi dio.

Laguntzearen arrazoiak

Altuera handian dauden zuloak behar dituzte sorbeltzek habiak egiteko. "Gure elizak eta eraikinak, etxeak...oso aproposak dira beraientzat. Garai batean, etxe zaharrek zulo asko izaten zituzten, eta sorbeltzek zulo horiek aprobetxatzen zituzten habiak egiteko. Azken urteetan, ordea, zulo guztiak estaltzen ditugu etxe berriak egiterakoan edo etxe zaharrak berritzerakoan, euririk eta haizerik sar ez dadin eta beroa mantentzeko. Hala, gero eta zailagoa da beraientzat zulo egokiak aurkitzea".

Birdlife Espainiako Ornitologia Elkartearen arabera, galtzen ari dira sorbeltzak –aurtengoa sorbeltzaren urtea izendatu du erakunde horrek arrazoi horrexegatik–. "Ez ditut sorbeltzari buruzko datu zehatzak, baina badakit azken hogei urteetan %60 enara gutxiago dagoela; antzeko kopuruetan ibiliko dira sorbeltzak ere", uste du Azkuek.

50 kaxa bost gunetan

Azkuek egurrezko 50 kaxa prestatu ditu, eta Getariako bost eraikin publikotan jarri dituzte: hamalau kiroldegian, hamarna eskolan eta anbulatorioan, zortzi Askizuko frontoian, eta launa udaletxean eta Meagan. Materiala erosi eta berak egin ditu kaxak, buruari buelta asko eman ondoren, aitortu duenez. "Ez kaxak, ez zuloak, ezin du oso handia izan, bestela txolarrea, zozoa edo buztangorria sar daitekeelako". Hala, 32 zentimetro zabaldituzte kaxek, 17 zentimetro sakonean, eta altueran 11. Zuloak, berriz, 8x3,5 zentimetrokoak dira. "Sorbeltza gai da teilapean zirrikitu oso txikietatik sartzeko, eta guk jarritako zuloetatik sartzea oso erraza da beraientzat.Txolarre bati, berriz, kosta egingo zaio sartzea, zuloaren aurrean ez daukalako tente jartzeko tokirik, eta horixe da helburua: kaxa horietan sorbeltzak sartzea eta ez beste txori batzuk".

Nahita, kaxak izkina-izkinan jarri dituzte, sorbeltzek ez dituztelako hankak erabiltzen ezertarako eta hegan egiten dituztelako maniobra guztiak. Horregatik, "kaxek toki altuetan egon behar dute, aurrean oztoporik gabe, hegan ateratzeko nahikoa toki edukitzeko. Gainera, txitek aurreneko hegaldia egiten dutenean, zulotik baldar samar atera daitezke, eta tokia behar dute saltoa egin eta hegan alde egiteko".

Emaitzak, epe ertainean

Azkuek azaldu du itxaron egin beharko dela sorbeltzek kaxa kokupatu aurretik. "Oso filopatrikoak dira, alegia, jaio ziren tokira itzultzen dira, eta kosta egiten zaie pixka bat urruntzea. Orain arte eskolan ez bazegoen sorbeltzik txitatzen, kaxak ikusiko dituzte, gerturatuko dira, sartuko dira eta barrutik ikusiko dituzte, baina agian aurten ez dute habia bertan egingo. Datorren urtean gogoratuko dira hori dagoela, eta pixkanaka-pixkanaka, beste erremediorik ez dutela ikusi eta hasiko dira kaxak erabiltzen".

Sorbeltzak kolonialak direla gaineratu du Azkuek: "Taldeka bizi dira, eta habiak ere taldeka egiten dituzte. Kaxak bata bestearen ondoan jarri dira, eta ikusten bada, adibidez, eskolako hamar kaxetatik bost okupatu dituztela, esan nahi du toki horrek arrakasta duela, eta kaxa gehiago jarriko genituzke bertan; hartara, kolonia egonkor bat sortzeko aukera izango lukete".

Bitxikeriak

Herri bakoitzean era batera deitzen zaie sorbeltzei: "Zarautzen txirrikillo, Aian mitxigua, Goierrin apeztxoria–garai batean elizako zuloetan sartzen zirelako–, eta izen zientifikoa, berriz, Apus apusdu; hankarik ez duela esan nahi du apus hitzak. Erromatarrek jarri zioten izen hori, hegan bakarrik ikusten zutelako txoria, lurrean sekula ez", azaldu du Azkuek.

Horrexek eragiten du harridura gehien: "Hankak erabili beharrik ez izateko eboluzionatu dute, eta horregatik, hegazti arruntak diren arren, ez dira oso ezagunak guretzat". Lo ere hegan egiten dutela kontatu du zarauztarrak. "Horretarako, 2.000 metrora igotzen dira, eta garunaren erdia lokartzen dute; pixkanaka erortzen joaten dira, eta lurra jo aurretik esnatzen dira, berriro gora igo eta beste garun erdia lokartzeko. Gaua lo kuluxkak eginez pasatzen dute".