Astebetean erdira jaitsi da Zarautzen baieztatutako kasuen kopurua

Anartz Izagirre-Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 7a, 13:23

Azken zazpi egunetan 62 kasu positibo atzeman dituzte Zarautzen; aurreko astean, ordea, 135 izan ziren. Intzidentzia tasa ere nabarmen jaitsi da astebetean: 1.293,53an zegoen aurreko ostiralean, eta 843,79an dago gaur-gaurkoz. Hego Euskal Herrian hobera egin du ospitaleetako egoerak, baina positibotasun tasak gora egin zuen atzo.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Zarautzen hobera egiten ari da egoera: sei kasu berri zenbatu zituzten atzo, eta azken zazpi egunetan, guztira, 62 lagunek eman dute positibo —seiek atzo, zortzik herenegun, bederatzinak asteartean eta astelehenean, hamabik aurreko igandean, 11k aurreko larunbatean eta beste zazpik aurreko ostiralean—. Aurreko astean, aldiz, 135 kasu izan ziren herrian; bikoitza baino gehiago, azken aste honekin alderatuta.

100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak ere nabarmen egin du behera Zarautzen. Aurreko ostiralean, apirilaren 30ean, 1.293,53an zegoen tasa. Azken orduetako datuak kontuan hartuta, ordea, 900eko langatik behera ere jaitsi da intzidentzia tasa, eta 843,79koa da une honetan.

Atzo kasu gehiago eskualdean

Dena den, atzo berriz egin zuten gora positiboek Urola Kostan; izan ere, 34 kasu berri zenbatu zituzten eskualdeko herrietan, herenegun baino 11 gehiago. Azkoitian zenbatu zituzten kasu gehien, hamar, hain zuzen; halere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak ez du gora egin herri horretan, eta 909,62koa da gaur-gaurkoz, atzoko bera.

Zumaian ere azken egunetako daturik okerrenak izan ziren atzo; zortzi positibo berri hauteman zituzten, eta intzidentzia tasa 956,55era igo da. Une honetan Zumaia da 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrietatik intzidentzia tasarik altuena duen herria. Bestalde, Azpeitian lau kasu berri hauteman zituzten, eta gero eta gertuago dute eremu laranja, gaur-gaurkoz 446,78koa baita hango tasa.

Eskualdeko gainontzeko herriei erreparatuta, Aian hiru kasu berri hauteman zituzten, baina intzidentzia tasak behera egin du —957,18koa da tasa—. Getarian, Orion eta Zestoan, berriz, kasu bana zenbatu zuten atzo. Getarian eta Orion behera egin du tasak —424,03ko eta 489,24ko tasak dituzte, hurrenez hurren—; Zestoan, berriz, zertxobait igo da, 539,29raino. Bestalde, Aizarnazabalen, Errezilen eta Beizaman ez zuten kasu berririk hauteman, baina Aizarnazabalgo eta Errezilgo intzidentzia tasak eskualdeko altuenak dira oraindik —1.170,35ekoa eta 1.127,21ekoa, hurrenez hurren—.

Hego Euskal Herrian, 745 kasu

Hego Euskal Herrian egoerak hobera egiten jarraitzen badu ere, larria izaten jarraitzen du. Atzo, guztira, 11.333 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 745 pertsonak eman zuten positibo. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %6,6koa da positibotasun tasa, eta %6,3koa Nafarroan. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien (321), eta, ondoren, Gipuzkoan (222), Nafarroan (126) eta Araban (70).

Hala eta guztiz, ospitaleetako egoerak nabarmen egin du hobera. Osakidetzaren arabera, gaur-gaurkoz 400 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta 173 pertsona daude ZIUetan, atzo baino hamar gutxiago. Osasunbideak azaldu duenez, berriz, 168 dira Nafarroan COVID-19agatik ospitaleratuta dauden pertsonak, eta horietatik 29 daude ZIUetan.