Iritan eragin daitezkeen kalteei buruzko azalpenak, karteletan jasota

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 8a, 09:00
(Zarauzko Udala)

Ahateei ogia botatzea kaltegarria da haientzat nahiz Iritako ingurune naturalarentzat, jakinarazi dutenez. Horren berri emateko, hainbat kartel jarri dituzte ibaiaren barandan, eta hezitzaile bat egongo da Iritan hainbat egunez.

"Herritarren artean oso errotuta dagoen ohitura da" ahateei ogia botatzea, baina Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, hori "kaltegarria" da ahateentzat nahiz bizi diren ingurunearentzat; esaterako, "arrainei eta uraren kalitateari eragiten" baitie. Ingurumen Sailak, beraz, sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du Irita inguruan, "ahateei ogia botatzeak faunari eta Iritako ingurune naturalari dakarzkion kalteak" azaltzeko. 

Hainbat kartelen bidez emango dituzte kalte horien inguruko azalpenak; ibaiaren barandan kokatu dituzte kartel horiek. Horretaz gain, baina, datozen egunetan hezitzaile bat arituko da kontzientziazio lanetan Irita inguruan. Bera arduratuko da "inguruneaz gozatzera hurbiltzen diren pertsonei ahateei ogia botatzearen kalteak azaltzeaz", udalaren arabera.

Gogorarazi du "oso ingurune natural ahula" dela Iritakoa, eta "zaindu eta errespetatu" egin behar dela hango "oreka ekologikoa". "Han bizi diren ahate, hegazti eta arrainek han aurkitzen dute bizitzeko behar duten guztia, ez zaie ezer bota behar", ohartarazi du udalak. Vazquezek azpimarratu du, gainera, "ugaritzen" ari direla "txori, ahate eta katuak zaintzeko asmo onak bultzatuta, batez ere, kalean edo naturguneetan elikatzen dituzten pertsonak", eta horrek "kezka" sortu duela Ingurumen Sailean.