Igoera faseko itzuliko partidekin hasiko da Zarauzko emakumezkoen futbol taldea

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 8a, 11:00
Marta Aranburu kapitainak omenaldi xumea jaso zuen osteguneko entrenamedu saioan. (Aritz Mutiozabal)

Osteguneko entrenamendu saioan hainbat ezuste jaso zituzten jokalariek. Alde batetik, Marta Aranburu kapitainari omenaldi xume bat egin zion ZKEko futbol ataleko zuzendaritzak eta, bestetik, Ameztoi babesleak beraien produktuekin saritu zuen taldea.

Zarauzko emakumeen futbol taldea Liga Nazionalerako igoera fasea jokatzen ari da, eta bihar fasearen bigarren itzuliari hasiera emango diote Eibarren aurka jokatuz. Talde handien aurka lehiatzen ari da, eta orain arte lortutako emaitzak ez dira izan haien gustukoak: hiru porrota eta berdinketa bat. Azken txapan honetarako, ordea, ez dituzte animorik galdu, eta ezustekoa eman nahi dute gelditzen zaizkien hurrengo lau partidatan. Une honetan bosgarren dauden sailkapenean, eta hasieran finkatutako laugarren postu hori lortzea erraza ez bada ere, horretan ahaleginduko direla adierazi dute.

Bihar arratsaldean bisitari moduan jokatuko dute Eibarren, Unbe futbol zelaian, 15:30etik aurrera. Ondorengo asteetan, Athletic, Leioa eta Elorrio izango dituzte aurkari. Igoera fasea hilabete honetan bukatuko da.

Sariak eta omenaldiak

Ostegun honetako entrenamendu saioan, Zarauzko emakumeen futbol taldeko jokalariek ezusteko atsegina jaso zuten beraien babesle den Ameztoi enpresaren eskutik. Izan ere, beraien etxeko janari-produktuak eman zizkieten taldeko kide guztiei egindako denboraldi bikaina saritzeko. Bestalde, ZKE futbol ataleko zuzendaritzak Marta Aranburu kapitainari aitortza berezia egin nahi izan zion klubean 20 urte daramatzalako, eta lau zenbakidun bere elastikoa oparitu zioten koadro batean. Jokalariak esker hitzak baino ez zituen izan guztientzako.