Oihane Delgado zinegotziak alkateak udalbatzarretik kaleratu izana salatu du

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mai. 12a, 11:54

Delgado kaleratzean alkateak aplikatu zuen artikuluak "berrikuspen sakona" behar duela azaldu du, eta alkateari leporatu dio adierazpen askatasuna murriztu izana.

Podemos EquoBerdeak udal taldeko ordezkari Oihane Delgadok bere iritzia plazaratu du apirileko ohiko osoko bilkuran gertatu zenaz. "ETAko kideak idealizatu edo omentzen" dituzten mezuen aurkako mozioa aurkeztu zuen PSE-EEk, eta Gloria Vazquez zinegozia horren inguruko azalpenak ematen ari zela, Delgadok argazki bat jarri zuen agerian; bertan, PSOEko Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohia ikus zitekeen, GALen ekintza batekin lotuta egoteagatik kartzelan sartzear ziren Jose Barrionuevo ministro ohia eta Rafael Vera estatuko segurtasun idazkari ohia besarkatzen. Xabier Txurruka alkateak kaleratu egin zuen Degado udalbatzar aretotik, udalaren erreglamendu orokorreko artikulu bat aplikatuta. Artikulu horrek dio ez dela onartzen ez ikusleen aldetik ezta Udalbatzako kideen aldetik ere "kartelak, argazkiak edo pankartak eramatea", eta presidenteak kanporatu egin ditzakeela.

Delgado zinegotziak salatu du arau hori "aplikatu eta interpretatzean" eragina daukala alkatearen "subjektibotasunak", eta artikulu horrek "berrikuspen sakona merezi" duela azaldu du, arrazoituz alkateen "debekatzeko gogoaren" mende geratzen dela horrela "iritzi- eta adierazpen-askatasuna erabili nahi duen oro".

Oharrean gaineratu du ez dela udalbatzarreko kideek bilkuran argazkiak erakusten dituzten lehen aldia, eta udalbatzarreko kideak argazkiak agerian dituzten hainbat argazki txertatu ditu. Tartean, iazko urtarrileko hau:

 

"Nire hitzaldian ez nion inori begirunea falta izan; egunkari batean argitaratutako argazki bat erakutsi nuen, pertsona orok ezagutzen duen zerbait; guztiok ezagutzen genuen eszena bat zen", gaineratu du Delgadok oharrean. Adierazpen askatasuna galarazi izana leporatu dio alkateari, eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak gai horri buruz egindako hitzartzearen zati bat ekarri du: “Aniztasunaren balioak eta ideia-truke askearen beharrak, sistema demokratiko ordezkatzailearen oinarri gisa, botere publikoen edozein jarduera eragozten dute, ideien edo doktrinen zirkulazio publiko hutsa kontrolatu, hautatu edo modu larrian zehazteko”.

Bestetik, udalbatzarrean onartu zen mozioaren inguruko iritzia ere eman du: "Kondena bat jasan duten, delitua purgatu duten eta etxera itzuli diren senitartekoen eta lagunen afektu nahiz adierazpen publikoak administratiboki eta zibilki kondenatu nahi ditu".

Amaitu du seinalatzen alkateak uste duela "nolanahiko ahalmena duela", eta ezin dela "inkoherenteagoa izan". "Edo bai; ikusi besterik ez dago nola udal-taldeek planteatutako eskakizun bakoitzari eztabaida galarazten dion", burutu du.