"COVIDaz Eusko Legebiltzarra prestatzen ari den legeak ez digu emango orain ditugunak baino eskumen bakar bat gehiago"

Onintza Lete Arrieta 2021ko mai. 14a, 09:16

Espainiako Gobernuak alarma egoera bertan behera utzi zuen maiatzaren 9an, eta erkidegoetako gobernuak pandemiari aurre egiteko neurriak aplikatu nahi eta ezinean dabiltza, tartean Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua. Juanjo Alvarez nazioarteko zuzenbideko katedradunak gertatzen denaz hainbat argibide eman ditu.

Ahobizarrik gabe mintzatu da beste behin Juanjo Alvarez (Zumaia, 1964) zuzenbide pribatuko katedraduna eta EHUko irakaslea Espainiako Gobernuak alarma egoera kendu ondoren bere esanetan sortu den ziurgabetasun juridikoaz. "Espainiako Gobernuak eduki du aurreikusten zen kaos hau saihesteko aukera legedia eguneratuta, baina ez du pausorik eman", esan du. Eusko Legebiltzarra prestatzen ari den legeaz eta beste hainbat arloz argibideak eman dizkio hitzari.

Jende askok galdetu du azken egunetan: zer da Jaurlaritzak egin dezakeena, zehazki? Esaterako, badu eskumenik maskara erabiltzera derrigortzeko?

Alarma egoera indargabetzen denean indarrean gelditzen diren legeak, kakotx artean esanda, arruntak dira, 1980eko hamarkadakoak: Osasun Legea, Osasun Publikoko Legea, Babes Zibilekoa... Eusko Jaurlaritzak lege horiek aplikatzeko eskumena du, baina askatasunak ezin ditzake modu orokortuan murriztu, norbanakoari eragiten dion kasuetan baizik. 

Adibide batekin azalduko al zenuke zein diren norbanakoei ezartzen zaizkien neurriak?

Jaurlaritzak etxepe bateko komunitatea konfinatu dezake, hamabost kasu daudelako. Eta pandemia arriskua izanik, dekretatu dezake norbaitek derrigorrez berrogeialdia egitea, hark beste batzuk kutsatzeko arriskua baldin badu. Har ditzakeen neurri horien guztien artean dago deklaratzea osasun larrialdia. Eta hori egin du Iñigo Urkullu lehendakariak aurreko asteko dekretuarekin. Horrek ahalbidetzen du lege horietan dauden neurri batzuk aplikatzea, eta beste batzuk EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu dizkio. Adibidez, prebentziozko neurriak aplikatu ahal izatea: maskarak erabiltzea, edukiera mugak ezartzea, gastronomia elkarteak ixtea...

Zergatik jokatu du dekretu baten bidez?

Arazoa da alarma egoeraren amaierak, batetik, estatuko araudia eguneratu gabe harrapatu gaituela eta, bestetik, COVID-19aren kontrako euskal lege famatu hori gabe. Lege hori ekain amaieran iritsiko da, parlamentuko jardunak martxa normala jarraitzen badu, behinik behin. Horregatik deklaratu behar izan du dekretua lehendakariak. Bestalde, nahi zituen mantendu herrien itxiera perimetralak eta etxeratze agindua, baina horiek legalki alarma egoeran bakarrik aplika daitezke.

"Espainiako Gobernua bere burua eta beste guztiok engainatzen ari da alarma egoeratik kanpo egoerari erantzuna emateko mekanismoak badirela esatean"

Horixe esan du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Zer iruditzen zaizu erabakia?

Auzitegi horrek esan du uler dezakeela Eusko Jaurlaritzak murrizketa horiek ez dituela kapritxoz egiten eta ulertzen duela egoera. Aldi berean, auzitegiaren papera legezkotasunari begiratzea dela ere esan du, eta adierazi du horren arabera esan behar duela legeak ez duela uzten murrizketa horiek aplikatzen. Espainiako Gobernuak urtebete eduki du gai hori ordenatzeko, eta ez du egin. Ados nago alarma egoera ia urtebetez luzatzea ez dela normala diotenean; izan ere, modu horretan salbuespenezkoa normaltasun bihurtzen ari zara. Dena den, hori horrela izanik, oraingo egoerari estaldura emango dion araudi bat ezarri behar da. Espainiako Gobernua bere burua eta beste guztiok engainatzen ari da alarma egoeratik kanpo egoerari erantzuna emateko mekanismoak badirela esatean.

Inguruko beste herrialdeek egin dituzte etxeko lanak arlo horretan?

Interesgarria da gai hau. Atentzioa ematen du, Frantzia bezalako estatu batean ere, ikustea lurraldeen arabera jokatu dela. Hau da, ulertu dute ezin dela neurri bat hartu mimetikoa eta uniformea Frantzia osorako, Alemania osorako, Erresuma Batu osorako edo Irlanda osorako. Herrialde horietan guztietan ulertu dute arazoak maila desberdinak zituela tokiaren arabera estatu bakoitzaren barruan, eta maila horiei erantzun behar zitzaiela. Gainera, beren araudiak estaldura ematen zien egoera larrienei eta arinenei. Adibidez, Macronek [ Frantziako presidentea] ere dekretu bidez neurri batzuk diktatu ditu, epe batean zorrotzagoak, eta orain horiek kendu egin ditu. Espainian ez da horrela izan.

Nola izan da Espainian?

Nik egingo nukeen laburpena da Espainiako estatuan ulertu dela edo alarma egoeran gaudela, edo egoera kakotx artean arruntean gaudela. Oraingo egoerari estaldura emango dion araudi bat ezarri behar da. Argi dago ez gaudela egoera normal batean, pandemia batean baizik. Alarma egoera kendu eta beste modalitate batera joan dira beste herrialde batzuetan; eta hemen ere egitea edukiko genukeen alternatiba eduki izan bagenu, ordezko zerbait. Baina gobernua bere burua eta beste guztiok engainatzen ari da esanez badaudela mekanismoak egoera honi erantzuna emateko alarma egoeratik kanpo.

"Hilabeteak behar dira oinarrizko eskubideei eragiten dieten legeak erreformatzeko; ezin da lege dekretuaren bidea erabili"

Ez daude mekanismo horiek, orduan.

Lehendakariaren ustez eta beste erkidego batzuen ustez, legeetan dagoenarekin, ez dago helduleku nahikorik zoritxarrez egoerak eskatuta hartu behar diren neurriak hartzeko. Espainiako Gobernuak esaten die lasai egoteko, nahikoa badutela dituzten legeekin, eta besteok erantzuten dugu ezetz, eta orain, nahastea are handiagoa egiteko, epaitegi batzuek esan dute baietz, eta beste batzuek ezetz. Baina Valentziako, Balearretako, Nafarroako, Euskadiko eta Kanarietako arauak ez dira desberdinak. Beraz, nola liteke desberdinak ez izanda, alarma egoera berbera izanda, eta aipatu ditugun legeak, osasunekoa, osasun publikokoa eta babes zibilekoa berberak izanda– estatu mailako legeak direlako– epaitegi batzuek esatea balio dutela, eta beste batzuek ezetz? Kaosa da.

Espainiako Auzitegi Gorenak zer esan zain daude orain erakunde guztiak.

Espainiako Gobernuak berak konpondu behar zukeen arazoa –legegilea delako– lege eguneratu bat eginez, baina horren ordez, Auzitegi Gorenari pasa dio ardura. Zer gertatuko da, ordea, hemendik sei egunera gutxi gorabehera, Gorenak esaten badu erkidegoek ezin dituztela hartu neurri murriztaile horiek? Zer gertatuko da erkidego batzuetako gobernuek esaten badute ez dutela nahikoa dituzten legeekin eta neurri murriztaileagoak behar dituztela? Bada, kasu horretan, Espainiako Gobernuak berriz ere alarma egoera dekretatu beharko du. Agian, lurralde batzuetarako soilik egingo du; izan ere, ez dio legedia erreformatzeko denborarik emango. Hilabeteak behar dira halako legeak erreformatzeko; ezin da lege dekretu bidez egin aldaketa, oinarrizko eskubideei eragiten dieten legeak direlako.

Nolatan iritsi da egoera honaino?

Nik uste dut Pedro Sanchezek [Espainiako presidentea] nazioarteko prestigioa zeukala buruan, Espainiako turismoa atzean ez gelditzea ere bai, orain Europako beste estatuak asko ari direlako bultzatzen beren turismoa udari begira. Jokatzeko modu horren muinean arrazoi politikoa ere badagoela uste dut: legedia eguneratzearen beharra proposatu zuen aurrenekoa PPko Pablo Casado izan zen, eta uste dut PSOEk irakurketa politikoa egin duela eta erabaki duela ez ematea pausoa, bestela PPrengandik entzun beharko zuelako beraiek direla gobernatzen dutenak, arduratsuak direnak, etab. Ikaragarria iruditzen zait pandemia garaian irakurketa politikoa egitea, ez zait batere logikoa iruditzen. Baina horregatik erabaki du Sanchezek, dekretu bidez, amaitu dela arazoa. Uste dut oso gaizki kudeatu dela etapa berrirako trantsizioa. Aste honetan ikaragarrizko zalantzak daude, galdera ikurrak, Gorenak doktrina bat ezarri bitartean. Espainiako Gobernuaren gelditasun legegileak, jarduera ezak, eragin du kaosa. Oso deigarria da. 

Gorenak zer esango duela uste duzu?

Gorenak esango duena da alarma egoeratik kanpo erkidegoetako gobernuek har al ditzaketen biztanleriari orokorrean eragingo dioten neurriak edo ez, eta uste dut ezin dutela esango duela. Beraz, Valentzian atzera egin beharko dute –han epaitegiek onartu egin dutelako hango gobernuak neurri horiek aplikatzea–. Kanariar Uharteetan horixe eskatuz  jarritako helegiteari erantzungo dio Gorenak, eta erkidego guztientzat balioko du epaiak, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzat ere

"Ez da jendea engainatu behar. Euskal legeak ez du eskumen gehiago ematen; jada daudenak ordenatu egiten ditu"

Eta erkidegoei neurriak hartzeko gaitasuna ematen badie?

Hori ere egin dezake: 1986ko Osasun Publikoko Legeak, Babes Zibilekoak eta Osasunekoak zera esaten dute hitzez hitz: "Egokiak iruditzen diren behar adina neurri" har daitezkeela. Hori dela eta, pentsa Gorenaren ustez kontzeptu generiko horrek erkidegoek neurri horiek hartu ahal izatea ahalbidetzen duela. Hori esango balu, Eusko Jaurlaritzak dekretua moldatu ahalko luke, eta etxeratze agindura eta itxiera perimetralera itzuli. Gainera, ez litzateke beharrezkoa tramiterik egitea epaitegietan.

Bien bitartean, Eusko Legebiltzarra lege berria prestatzen ari da pandemia kasuetarako.

COVID-19aren kontrako legea deitu zaio eta, nire ustez, errespetu osoz esanda, ez da oso ikuspuntu egokia. Izan ere, uste dut aprobetxatu beharko genukeela lege bat egiteko, zoritxarrez balioko ligukeena pandemia egoera honetarako eta etorkizuneko pandemia egoeretarako. Izan ere, COVID-19a amaitzen denean, legearen zentzua ere amaitu egingo da. Bestetik, legea berandu datorrela esan daiteke, eta gainera, ez digu arazoa konpontzen. Gaur lege hori jada indarrean edukiko bagenu, ezingo genituzke dekretuan ditugunak baino neurri gehiago ezarri. Oso ondo sistematizatuta dago dena, zehaztasun handiz azalduta, eta egoki ordenatuta, baina ez dizkigu orain ditugun eskumenak baino bat gehiago ematen. Ez da jendea engainatu behar, eta garrantzitsua da ondo azaltzea: euskal legeak ez digu eskumen gehiago ematen. 

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak zer egin behar zuen beharrezkotzat dituen neurriak hartu ahal izateko?

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako ezezkoaren aurrean, ez dut ulertzen lehendakariak zergatik ez zuen jarri helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean. Hori ez da epaitegiarekin etsaitzea edo men ez egitea. Nire ustez, batetik, helegite hori jarri egin behar zuen, eta bestetik, publikoki eskatu behar zuen Euskadirentzat alarma egoera hamabost egunez luzatzea. Jaurlaritza EAEko Justizia Auzitegi Nagusira eraman zuen dekretuarekin koherentea bada, hori egin behar zukeen. Gainera, helegitea jarrita, neurriek indarrean jarraituko zuketen hamar egunez, Gorenak erantzun bitartean. Garrantzitsua iruditzen zait hori.