Xabier Txurruka alkateak hainbat adierazpen egin ditu Oihane Delgado zinegotziaren salaketaren harira

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 12a, 15:30
ETAko kideak idealizatzen edo omentzen" dituzten mezuak galarazteko mozioa onartu zuten udalbatzarrean, apirilean.

"Beste alderdi politiko baten adierazpen txandaren gainetik bere argazkia inposatu nahi izana" izan zen Delgado udalbatzarretik kanporatu izanaren "arrazoi nagusia", alkatearen arabera. "Ez daukat inongo zalantzarik adierazpen askatasuna bermatzen dela udalbatzarrean", gaineratu du.

Xabier Txurrukak apirileko osoko bilkuran kaleratu zuen Oihane Delgado udalbatzar aretotik, "ETAko kideak idealizatzen edo omentzen" dituzten mezuen aurkako mozioa aztertzen ari zirenean, PSE-EE alderdiak hala eskatuta. Podemos EquoBerdeakeko ordezkariak argazki bat atera zuen PSE-EEko Gloria Vazquezek hitza hartu zuenean, eta alkateak horregatik kanporatu zuen Delgado. Udalaren erregelamendu orokorreko artikulu bat baliatu zuen horretarako, aipatuta arautegi horrek ez duela onartzen "kartelak, argazkiak edo pankartak eramatea" udalbatzarrera. Horri lotuta, hainbat adierazpen egin ditu Delgadok: besteak beste, salatu du "berrikuspen sakona" behar duela alkateak bera kanporatzeko baliatutako artikuluak, eta ez zela osoko bilkura batean hautetsietako batek argazkiren bat erakusten zuen aurreneko aldia. Alkateak adierazpen askatasuna galarazi ziola ere salatu du.

Podemos EquoBerdeakeko zinegotziak esandakoei erantzun die orain Txurrukak. HITZAri helarazitako ohar batean adierazi du "argia" dela udal erregelamendua, jasotzen duelako "batzar aretora ezingo" dela "kartel, argazki edo pankartarik eraman, ez publikoak ezta udalbatzako kideek ere", eta "batzarburuak kalera" dezakeela "horrelakoren bat ekartzen duen oro".

Esan du, bestalde, Delgadok ez zuela "irudia bere adierazpen txandan atera", eta hura "kaleratu izanaren arrazoi nagusia" izan zela "beste alderdi politiko baten adierazpen txandaren gainetik bere argazkia inposatu nahi izana". "Ez da Podemos EquoBerdeak koalizioko kideren bati aspektu honen inguruan ohartarazpen bat egin dioten lehen aldia", gaineratu du alkateak.

Adierazpen askatasunaren urraketari lotutako salaketari dagokionez, Txurrukak erantzun du ez daukala "inongo zalantzarik" udalbatzarrean "adierazpen askatasuna bermatzen" dela. "Edozein zinegotzik bere argudioak defendatzeko irudiak erabili nahi izan dituenean askatasun osoa izan dute hala egiteko, eta Oihane Delgadok argitaratu ditu hori horrela dela baieztatzen duten argazkiak", esan du.