Familia Turismoaren zigilua eskuratu du Zarautzek

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 13a, 14:10
Arrate Etxezarreta, Ixidor Larrañaga eta Iñigo Abreu, ziurtagiriarekin. (Aritz Mutiozabal)

Hirukide kide ugariko familien elkartearen eskutik jaso du aitortza gaur eguerdian Turismo Bulegoan. Agiria jasotzen duen Gipuzkoako lehen udalerria da.

Familia Turismoaren zigilua jaso du gaur eguerdian Zarautzek. Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak jaso du aitortza udalaren izenean, Hirukide-Euskadiko Kide Ugariko Familien Elkarteen Federazioko Gipuzkoako presidente Iñigo Abreuren eta dinamizatzaile Arrate Etxezarretaren eskutik. Aipatu dute zigilua jasotzen duen Gipuzkoako lehen udalerria dela agerraldian; aurrez Tolosaldeak jaso izan du, eta zenbait ostatuk ere bai, baina herri bezala Zarautz izan da lehena.

Zarautzek "beti turismo jasangarri baten alde" egin duela lan nabarmendu du Ixidor Larrañaga zinegotziak, eta "familiak hor daude txertatuta". Helmuga turistiko nabarmena izanik, herriak "zerbitzu egokiak" eskaintzen diela familiei adierazi du. "Zigilu hau jasotzeak aukera ezberdinak ematen dizkigu: herriko enpresekin elkarlana sustatzeko, ekintzak eta egitasmoak aurrera atera ahal izateko eta eko-marketina lantzeko, besteak beste".

Ingurumena zaindua, erosotasuna, irisgarritasuna, eskaintza zabala eta lasaitasuna hitzak erabili ditu zinegotziak herriaz hitz egiterakoan, eta horrek aproposa egiten duela kide ugariko familientzat. "Beraz, zigiluaren bidez, garrantzitsua izango da beraiekin elkarlanean aritzea eta beraien harian sartzea". Bestalde, Turismo Bulego langileek egiten duten lana goratu nahi izan zuen zinegotziak.

Hirukide Gipuzkoako presidente Iñigo Abreuk Zarauzko Udalarekiko esker hitzak izan zituen: "Eskertzekoa da zer-nolako xehetasunekin dagoen egituratuta horrelako herri polita bat, haurrentzako parkeekin eta abar. Azken finean, kide ugariko familiok beharrizan jakin batzuk ditugu, eta Zarautzek egoki erantzuten dizkie horiei". Hobekuntzak iradokitzeko eta elkarlanean jarraitzeko prest agertu da elkarteko presidentea.