Autoentzako norabide bakarra izango du Herrikosoro kaleak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 15a, 15:30
(Google Maps)

Bide horretako "abiadura jaistea" eta "ibilgailuen joan-etorria murriztea" dira aldaketa horren helburuak. Abendañoko industrialdera sartzeko bide nagusia Herrikosoro da gaur egun, baina Frantseskuako bide berria lehenetsi nahi du udalak. Bide berri horri esker, erdigunean trafikoa murriztu dela dio.

Zarauzko Udalak jakinarazi du beste urrats bat egingo duela "trafikoaren berrantolaketan", eta Herrikosoro kaleak autoentzako norabide bakarra izatea dela haren asmoa; hain zuzen, mendebaldetik ekialdera mugitzeko. Iker Basurko Mugikortasun zinegotziaren arabera, aldaketa horrekin "bidearen abiadura jaistea" izango litzateke helburua, 30 km/h-koa izan dadin, bai eta "ibilgailuen joan-etorria murriztea" ere. Izan ere, azaldu du "Abendañoko industrialdeko ohiko sarbidea" dela Herrikosoro gaur-gaurkoz, baina Frantseskuako sarbidea lehenetsi nahi duela udalak, aurrerantzan hori izan dadin "sarbide nagusia".

Kaleak autoentzako norabide bakarra izanda "zabalera irabaziko" duela dio Basurkok eta, beraz, 100 aparkaleku berri egokituko dituztela. "Erdiguneetako egoiliarren plazak gehitu direnez, plaza berri horiek zerbitzua emango dute gune urdin gisa", azaldu du.

Trafiko murrizketa hainbat gunetan

Aurten jarri dute martxan Frantseskuako bide berria, eta udalaren esanetan, "Aritzbatalde eta Azken Portu auzoak izan dira azpiegitura berri horren onuradun nagusiak", une honetan "nabarmen txikiagoa" delako "eremu horretatik igarotzen den ibilgailu kopurua". Gune horietan "ikasleak maiz ibiltzen" direla azpimarratu du udalak eta, beraz, aldaketa horrek "segurtasuna handitu" duela.

"Udaltzaingoak bide berri horrek trafikoaren ohiko fluxuan izan duen eragina neurtu du, eta egunero 1.200 ibilgailu inguruk ohiko ibilbidea aldatu dutela ondorioztatu du", adierazi du udalak. Errotaberriko eta Abendañoko industrialdera sartzeko, Araba kalearen bukaeraraino joan beharrean, Frantsesbidea erabiltzeari ekin dio jende ugarik, udalak dioenez.

10 metrokoa baino luzeera handiagoa duten ibilgailuek ohiko bidea erabiltzen jarraitzen dute, baina udalak aurreratu duenez, "horiek berbideratzeko aukera desberdinak aztertzen ari dira".