Galdedebalde saio bereziak egingo dituzte ekainean ere

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 17a, 18:00
Olatz Salvador izan zen urtarrileko gonbidatuetako bat.

Beste hiru saio berezi antolatu dituzte Arraio Irratiko Galdedebalde irratsaioko kideek. Oraingoan ere jendaurrean grabatuko dituzte, Putzuzulon, eta gonbidatu bereziak izango dira: Iker Lauroba, Sara Zozaya eta Telleria anaiak.

Arraio Irratiak 15 urte beteko ditu aste honetan, eta Galdedebalde irratsaioko kideek hirugarren denboraldia dute honakoa. Eta sorpresaz beteriko sasoia izan da haien eskutik. Galdedebalde-k saio bereziak antolatu zituen urtarrilerako: jendaurrean grabatu zituzten irratsaioak Putzuzulo gaztetxean, publikoak zuzenean parte hartzeko aukera izan zuen eta gonbidatu bereziak izan ziren. Hain zuzen, Aitziber Garmendia, Jon Plazaola, Xabi Bandini eta Olatz Salvador aritu ziren zuzenean Arraio Irratiaren uhinetatik.

Gero eta gutxiago geratzen da ekainean sartzeko, eta sorpresa gehiagorekin datoz Galdedebalde-ko kideak; Stuart, Ortega eta Gasset. Beste hiru saio berezi prestatu dituzte ekainerako, eta aurreratu dutenez, urtarrileko dinamika berdina izango da: publikoa egongo da, eta irratsaioko kideek gonbidatuei egindako elkarrizketez gain, zuzeneko kantaldiak eskainiko dituzte haietako batzuek. Bestalde, zozketak ere izango dira.

Hiru data eta lau gonbidaturen izen-abizenak argitaratu ditu jada Galdedebalde-k. Ekainaren 4an, 11n eta 18an egingo dituzte saio bereziak, eta gonbidatu gisa joango dira Putzuzulora Iker Lauroba eta Sara Zozaya musikariak nahiz Telleria anaiak (Julen Telleria eta Antton Telleria aurkezleak). Oraindik, dena den, ez dute xehatu zein gonbidatu izango den egun bakoitzean.

Erlazionatuak

Molde berri baten amaiera, eta hasiera

Dorleta Agiriano Lai 2021 urt 30 Zarautz