Elkano bidea konpotzeko lanak egingo dituzte ekainean

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 22a, 10:30
Elkano auzora doan bidea, (Zarauzko Udala)

Udalak 36.871,07 euro bideratuko ditu zeregin horretara, eta Ovisa Pavimentos y Obras SL enpresa arduratuko da hondatuta dauden bideko atalak egoki uzteaz.

Ovisa Pavimentos y Obras SL enpresa arduratuko da Elkano auzora doan bidea konpontzeaz, Zarauzko Udalak kontratu bidez lanak hari esleitu ondoren, 36.871,07 euroko (BEZa barne) aurrekontuarekin. Ekainean hasiko dira konponketa lanekin, eta, zehatz-mehatz, Urdaneta bidea –Abendañoko industrialdetik igarotzen dena– eta Elkano auzoa lotzen dituen bidean hondatuta dauden zenbait atal egokituko dituzte. Lehenik eta behin, ertzak eta galtzada garbituko dituzte konponketak errazteko, eta, jarraian, asfaltoa erabiliko dute bidean dauden kalteak konpontzeko.

Herriko landa-bideak hobetzeko lanean jarraitzeko asmoa du udalak, eta horretan egin du azpimarra Iban San Martin Obra Txikien zinegotziak: "Landa-bide hauek konpontzeko hartu genuen konpromisoarekin aurrera jarraitzen dugu eta Elkano bidearen txanda iritsi da". "Era berean, azaldu du udalak argi ikusten duela horrelako konponketetan "inbertitzeko beharra", eta horretan segituko duela.