Sanpelaioak ere bertan behera

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 25a, 15:15
Xabier Txurruka alkatea eta Ixidor Larrañaga zinegotzia, gaur goizeko agerraldian. (Aritz Mutiozabal)

Udalak ez du inolako ekitaldirik antolatuko aurten, «ez sinbolikorik ez bestelakorik» . Udaldirako, ordea, egitarau oparoa prestatzen ari da eta bost kontzertu iragarri ditu; lehena Izarok eskainiko du, uztailaren 23an.

Ohiko urte batean sanpelaioei hasiera emateko txupina prestatzen egon beharko luketela adierazi du Xabier Txurruka alkateak, herriko jaien hilabete baten faltan. Baina aurten ez dela halakorik izango jakinarazi du: ez da festarik izango. «Iaz ezin izan genituen antolatu San Pelaio jaiak nahi bezala; ekitaldi xume bat baino ez genuen egin gauerdian. Aurten, pandemia dela medioa, ezinezkoa da jaiak behar bezala antolatzea, ekitaldiekin eta abar», iragarri du alkateak gaur goizean udalbatzar aretoan eginiko agerraldian.

Intzidentzia tasa beherantz doan arren, pandemiak «gogor jo» duela herrian azpimarratu du Txurrukak, batez ere, Aste Santuaren ondoren. «Beheraka doa, baina ikusten dugu kosta egiten zaiola 200eko intzidentzia tasatik jaistea. Horren adibide dira igandeko bederatzi kutsatze kasuak, sanpelaioen hilabete faltan», zehaztu du. Hori horrela, argi eta garbi utzi nahi izan du Zarauzko Udalak ez duela inolako ekitaldirik antolatuko oraingoan, «ez sinbolikorik ez bestelakorik».


Herritarrei deia egin die, eta jakinarazi die ez direla festak ospatzeko baldintzak betetzen, iaz Euskal Jaiak ospatu ez ziren bezala eta aurten Inauteriak ospatu ez diren moduan. «Sanpelaioak iritsita, pena handiz baina, erabaki hau hartu dugu». Era berean, zuhurtziaz jokatzeko eskatu du, berriro ere festak ospatzeko egunak iritsiko direla, baina oraindik ez dela unea.


Udako egitarau «zabala»

Sanpelaioetan ekitaldirik izango ez bada ere, uda sasoiari begira egitarau «aberats eta zabala» antolatzen ari dira Jaiak eta Ekitaldiak, Kultura eta Kirol departamentuetatik. Malekoian egiten ziren emanaldi jendetsu horiek ez dute kabidarik izango udako programan, egun bizi dugun egoerak hala baldintzatzen duelako. Hori argi utzi du Ixidor Larrañaga Jaiak eta Ekitaldiak zinegotziak, baina alternatiba moduan, bost kontzertu emanaldi eskainiko dituzte uztailaren 23tik hasita, bost ostiraletan jarraian, Lizardi ondoko kirol instalazio berrian. 

Lehenbiziko zuzenekoa Izaro bakarlari mallabiarrak eskainiko du; gainerako musikari eta musika taldeak lotzen ari dira oraindik, baina jakinarazi dute artistaren bat Espainiakoa izan daitekeela. Lizardiko instalazioaren edukieraren inguruan, segurtasun neurriak kontuan hartuta, ia 300 lagun hartu ahal izango dituela jakinarazi dute Txurrukak eta Larrañagak. Kontzertu horietarako sarrerak erosi egin beharko dira, baina «prezio xumea» izango dutela aurreratu dute. Alkatearen esanetan, «espero dugu lehen malekoian ospatzen ziren kontzertuak Lizardi aretora eramateko apustua herritarren gustukoa izatea» . Emanaldi horien inguruko informazio xehatua datorren hilean emateko asmoa dute.

Gainerakoan, izango da bestelako ekitaldirik: haurrentzako saioak antolatuko dituzte uztailean eta abuztuan; uztailaren erdian, Adarretatik musika jaialdia izango da Modelo aretoan; eta Kalerki antzerki jaialdia ere egingo dute, baina ez kalez kale, Munoa plaza bezalako espazio finkoetan. «Zarautz beti ezagutu izan da udan daukan egitarau oparoagatik, eta aurten ere, pandemiak baldintzatuta bada ere, nahi diogu horri eutsi», biribildu nahi izan du alkateak.