El Salvadorrera joan aurretik lehiatzeko aukera askorik ez duzue izan. Portugalgo txapelketak martxa hartzeko garrantzitsuak izan al dira?
Ongi etorri dira martxa hartzeko, baina baita WSLko zirkuitukoa ere, izan ere, geure gauzak jokatzen ari gara. Aurten, egia da txapelketetan baino gure artean aritu garela entrenatzen. Espainiako Federazioaren eskutik badaramatzagu sei bat hilabete hainbat entrenamendu egiten, eta horretan ari gara buru-belarri.
Ezberdina izango da, ordea, lehia eta lagunarteko saio bat, ezta?
Zalantzarik gabe, lehiaketa beti da ezberdina. Kontua da federazioko geldialdietan elkarren artean lehiatzen aritu garela; azkenean hautatzaileek aukeraketa bat egin behar zuten geure artean. Dezenteko borroka egon da zentzu horretan, eta entrenamendu gisa baliatu dugu. Duela hilabete, adibidez, El Salvadorren ibili ginen bi astez entrenatzen, eta oraintsu Portugalen jokatu ditugu bi txapelketa.
Espainiako selekzioak hautaketa egin ahal izateko zuen artean lehian-edo aritu zaretela diozu. Kezkarik izan duzu alde horretatik?
Beno, ez dakit entrenatzaileek zer izan duten zehazki buruan. Ni behintzat oso konfiatuta aritu naiz entrenamendu saioetan. Gustura eta eroso sentitu naiz. Azken erabakia nire esku ez zegoenez, neukan onena ematen ahalegindu naiz aldi guztietan. Behin nire izena eman zutenean lasaitu ederra hartu nuen. Azken finean, talde osoa aritu da itzel; maila aparta zegoen gure artean. Beraz, hasierako helburua selekzioan sartzea zen, eta behin hori lortuta, aurrera!
Aurrez izan zarete El Salvadorren, Munduko Txapelketa jokatuko den tokian.
Bertan izan ginen entrenatzen: olatu onak izan genituen, eta ongi aprobetxatu genuen egonaldia. Duela urte batzuk egon nintzen behin, baina harrezkero ez nengoen itzulita. Esango nuke ongi datorkidan olatua dela hangoa. Orokorrean, eroso sentitu naiz han surf egin dudanean. Iaz Japonian jarriak nituen itxaropenak baino hobeak ditut oraingoan. Nire ustez El Salvadorreko olatuek indar gehixeago dute, eta nire surf egiteko moduarentzat egokiagoak dira.
Zer emaitza lortu beharko zenuke Olinpiar Jokoetan sailkatzeko, eta nola ikusten duzu zeure burua?
Munduko bost onenen artean bukatu beharko nuke txapelketa hau. Egia esan, emaitza zorrotza da oso, surflari onenak bertan izango direlako, baina bertan lehiatzeko aukera izateak ilusioa egiten dit. Aurretik lorpen onak izan ditut, eta motibatuta nago. Gainera, kirol esklusiboa izango da surfa aurtengo Olinpiar Jokoetan, 20 gizonezkok eta 20 emakumezkok baino ez baitute izango bertan egoteko abagunea. Orain, El Salvadorreko Munduko Txapelketan bost plaza egongo dira jokoan gizonezkoentzat, eta zazpi emakumezkoentzat. Jakina, plaza horien atzetik goaz!
Errealistak izanda, posible al da txartela lortzea?
Nik txartela lortzeko aukerak ikusten ditut, bestela etxean geratuko nintzateke. Hori argi eta garbi!
Zeintzuk izango dira gertutik jarraitu beharreko aurkariak?
Aurkari nagusiak munduko bost onenak izango dira: Gabriel Medina, Italo Ferreira, Jeremy Flores, Kelly Slater, Julian Wilson... Azken urteetan goiko postuetan dabiltzan horiek ez dute hutsik egingo. Beraiek izango dira faborito nagusiak, baina txapelketetan beti egoten dira ezustekoak. Erritmo ona hartuz gero eta gauzak nahi bezala ateraz gero, sorpresa eman dezakezu. Ilusio horrekin ekin nahi diot txapelketari. Nik uste dut on egin zigula bertan egoteak duela hilabete ingurura egokitzeko. Hortik aurrera, jada entrenamenduak eginda daude, eta orain olatu gainean erakutsi behar da.
Jokoetara ez sailkatzea porrota izango al litzateke?
Ez, helburu bat ez lortzea izango litzateke. Porrota? Surflari batentzat garrantzitsua izaten da beti maila ona ematea, kanporaketa pasa ala ez. Surfa ez da beste kirol batzuk bezalakoa, eta gauza asko gerta daitezke lehiatzen ari zaren unean. Orduan, bakoitzak duen guztia ematen baldin badu lehian, ez dut uste porrot bat denik. Jakina, emaitzek lagundu egin behar dizute, eta kasu honetan maila handia egongo da. Gauzak oso ongi eginda ere, ez da erraza izango. Baina horretan saiatuko gara.
Lortuz gero, zer suposatuko luke zuretzat? Kontuan izanda estreinakoz txertatuko dutela surfa Olinpiar Jokoetan.
Bada, pentsa! Ni oso gustura nago orain arte egindako kirol ibilbidearekin: munduko surflari onenen artean aritu naiz, eta hau koska bat gorago igotzea izango litzateke. Jada munduko kirolari onenekin batera egongo nintzateke, eta horrek oso esperientzia polita izan behar du. Bestalde, surfarentzat bide berria da hau, eta surflariok ez gara hazi amets olinpikoarekin. Oso sorpresaz harrapatu gaitu honek guztiak, ez baita gure helburuetako bat izan orain arte. Baina, orain, jada bertan parte hartzeko aukera dugula, sekulako ilusioa egiten dit.