Elektronikaren uhinetan arakatzen

Mireia Galarza 2021ko mai. 28a, 09:15
Alayn Carazo bergararrarekin (ezkerrean) osatzen du taldea 'Isuo' zarauztarrak (eskuinean). (Utzitakoa)

Hegazkin taldeko kidea da Iosu Isaias Villanueva zarauztarra. Haize beltzak diskoa argitaratu berri du taldeak, eta kontzertua eskainiko dute gaur Putzuzulon, 19:30ean hasita.

Iosu Isaias Villanueva musikariak (Zarautz, 1987), Isuo izenez ere ezagunak, Haize beltzak diskoa aurkeztuko du gaur Putzuzulon. Ez da, ordea, bakarkako lanaren azken fruitua izango, Alayn Carazo bergararrarekin osatzen duen Hegazkin taldeko lehen diskoa baizik. Aspalditik ezagutzen dute bi musikariek elkar. Zehazki, Bergaran (Gipuzkoa) egin zuten topo biek, Carazok beste talde batekin eskaini zuen kontzertu batean. Orduan deitu zion arreta Villanuevari, bere sintetizadoreen bidez ateratzen zituen doinuak gustatu baizitzaizkion. Gerora proposatu zion elkarrekin zerbait egitea, eta gonbitea onartuta, lokalean sartu eta «ordu pila bat» igarotzen hasi ziren elkarrekin gustuko doinuak topatu bitartean.

Hasieran sortutako doinuek ez zituzten asetzen, eta «dezente» kostatu zitzaien bide egokia topatzea. Behin gustuko lerroa bilatuta, «proiektuari forma ematen» hasi zen bikotea, eta horrela sortu dituzte diskoa osatzen duten sei abestiak. Bere hitzetan, «gustuko doinuen aukeraketa» izan da iparra disko berrian, eta horregatik uste du ez dutela erreferentzia nagusirik izan sormen prozesuan. Hala ere, abestiak pop eta trip-hop estiloetan kokatu ditu Villanuevak.

Biek ala biek dute esperientzia musikan. Zarauztarrak rock eta folk estiloak landu ditu gehienbat orain arte, eta horregatik, «oso desberdina» egin zaio azken proiektuan abestiak sortzea. Funtsean, ordea, ez du uste horrenbeste aldatzen denik orain arte sortutakoarekin alderatuta, «ahotsa eta melodiak mantentzen» baitira. Aitzitik, bergararrak gehiago landu ditu elektronika doinuak, eta horren adibide da Eyharts proiektua, estilo berean oinarritzen dena. Doinuen moduan, letrak ere pixkanaka atera dituztela gaineratu du musikari zarauztarrak. «Guztia elkarrekin egin dugu lokalean, eta ez dugu aurrez prestatuta eraman landu nahi genituen gaien zerrenda. Hala ere, amodiozko abestiak dira orokorrean, nahiz eta horren azpian beste gai ilun askori buruz ere hitz egin», dio musikariak.

Ekoizpenaren zati handiena beraiek egin badute ere, estudioan grabatu dute diskoa, Ander Barriuso Muñoa teknikariaren laguntzarekin, eta ondoren Mukuru kolektiboaren zigilupean argitaratu dute bilduma.

Aipatu kolektiboa, zarauztarrak dioenez, «talde batzuk elkartu ondoren» sortu zen. Bere hitzetan musika mundua «nahiko indibidualista eta lehiakorra» da, eta babesa eta horizontaltasuna bilatzeko elkartu ziren taldeak. Beste hitz batzuekin esanda, talde txikiak dira guztiak, «enpresa handien ekoizpen eta zabalkunde moldeetatik ihes egin nahi dutenak», eta batu egin dira «elkarrekin indarra egiteko».

Hasierako lekura bueltan

Putzuzoloko kontzertuari buruz galdetuta, Isaiasek «berezia» izango deladio. Alde batetik, Hegazkin taldearekin emango duen lehen kontzertua delako, eta bestetik, bertan hasi zelako bere lehen pausoak ematen musika munduan, MKT taldearekin. Egun, Villanueva ez da Zarautzen bizi, eta Putzuzulo inguruan bizitako momentuak harrotasunez gogoratzen ditu. «Asko eskaini dit espazio horrek, Arraio Irratian denbora asko ibili nintzen, eta asko ikasi nuen. MKT taldearekin eman genuen azken kontzertua ere bertan izan zen, agur moduan, eta oso berezia izan zen hura. Orain, Putzuzuloko gaur egungo eraikinean eskainiko diren azken kontzertuetakoa izango da gurea. Eraikinaren amaiera fasea eta gure talde berriaren hasiera izango dira aldi berean», dio Isuo artistak. Horregatik, inguruko herritar guztiak animatu nahi ditu Putzuzuloko kontzertua ikustera joateko,taldearen hasieraren lekuko eta ibilbidearen bidelagun izan daitezen.