Jose Inazio Elias: «Presentzia galtzen ari da txistua kalean»

Jose Inazio Elias txistularia. (Aritz Mutiozabal)
Txisturako mila pieza baino gehiago grabatu ditu bere kabuz Eliasek, eta Youtuben dauzka, partitura eta guzti. Isileko lana da. Pasioz bizi du musika, eta etsipenez instrumentu horren gainbehera.

Musikarik gabeko Musikaren plazan, txistulari bat kioskoan: Jose Inazio Elias (Azpeitia, Gipuzkoa, 1951). Danbolina eta txistua hartuta agertu da, nola bestela. Berak jartzen du doinua: pieza bakoitzari ahapetik kantatzen dio nota segida bat.

Txisturako mila pieza asko dira.
Eta gelditzen direnak, gehiago. Txistulari elkarteak atera zuen CD bat daukat, eta han 4.800 agertzen dira.

Nondik nora hasi zinen?
Badut lagun min bat Jean Marc Lempegnat izena duena. Okzitaniarra da, Pauetik gertukoa. Biolina jotzen du, eta txirula ere bai. Pantxoa eta Peiorekin etorri zen Euskal Herrira. Nik banuen harremana Pantxoarekin, eta hark aurkeztu zidan. Musikariak izanda, segituan egin genuen harremana. Uda batean, bere etxera gonbidatu gintuen. Han bazuen grabagailu bat, eta eskaini zidan zerbait grabatzea. Ni beti joaten naiz tokietara txistuarekin eta danbolinarekin. Agurra grabatu nuen, eta CD batean eman zidan. Gustatu zitzaidan.

Eta zuk zeurea nahi.
Esan zidan zenbat balio zuen, eta erosi nuen grabagailua, erosi nuen memoria, eta erosi nituen bi mikrofono on. Hona ekarri, eta probak egiten hasi nintzen. Beste asmorik gabe.

Eta Youtuberako jauzia?
Oso gutxi ulertzen dut nik kontu horiez, baina badut lagun bat, Juanma Pagadizabal, eta aipatu zidan berak bazuela kanal bat Zesteronekua izenekoa, eta lagunduko zidala.

Egunero grabatzen dituzu?
09:30-10:00ak inguruan hasten naiz, bizilagunak lo egoten direlako oraindik. Emaztea oso haserre daukat horrekin. Lehen, egunero aritzen nintzen, baina orain, ez. Alabak ere [Iraia Elias aktoreak] errieta egin zidan: «Amarekin egon naiz, eta, aita, ez da normala egunero horrela aritzea. Pentsatu beharko duzu zerbait». Eta astean behin grabatzea hitzartu genuen, baina, askotan, egun berean bi edo hiru grabatzen ditut [barrez].

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Berria.eus