Herriko ekosistemak oinarri hartuta, lehiaketak antolatu ditu Ingurumen Sailak

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 29a, 11:00
Zarauzko Eraztun Berde Urdina.

Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, marrazki, bideo eta argazki lehiaketak antolatu dituzte. Lanak aurkezteko epea ekainaren 13a izango da.

Ekainaren 5a Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da, eta aurten Ekosistemak lehengoratzea leloa zabaldu nahi dute mundu zabalera. Horren harira, Zarauzko Udalaren Ingurumen Departamentuak ekimenak antolatu ditu herriko ekosistema oparoetan arreta berezia jarrita. "Ekosistemak bizitzaren oinarrizko unitateak dira eta gainean daukagun klima larrialdiari aurre egiteko funtsezkoa da biodibertsitatea mantentzea. Horrek esan nahi du ekosistemak zaindu behar direla. Zarautz herri aberatsa da ekosistema ezberdinetan: basoak dauzkagu, larreak, hezeguneak, dunak, itsasoa... Gure Eraztun Berde Urdina osatzen dutenak", adierazi du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak.

Adin guztietako jarduerak prestatu dituzte data gogoangarria ospatzeko asmoz. Alde batetik, marrazki lehiaketa antolatu dute 6-10 urte bitartekoentzat, eta, bestetik, bideo eta argazki lehiaketa 10 urtetik gorakoentzat; azken atal hau bi mailetan banatu dago, 10-16 artekoentzat eta 16 urtetik gorakoentzat. "Helburua da naturan dauden balioak adieraztea, eta naturarekiko daukagun harremana pasioa islatzea. Baita zer garrantzia duen naturak gizakiarentzat ere", arrazoitu du Ingurumen zinegotziak.

Lanak formatu digitalean aurkeztu behar dira, eta posta elektronikoz helarazi zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera. Lanak dagoeneko aurkezteko epea zabalik dago, eta epea ekainaren 13an bukatuko da. Irabazleak hegaztien behaketarako prismatikoak jasoko ditu sari gisa.

Bestalde, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean bertan, ekainaren 5ean, Eraztun Berde Urdinari buruzko informazio gune bat jarriko dute Lege Zaharren enparantzan, 11:00etaik 14:00etarra eta 16:00etatik 20.00etara. Era berean, Vazquezek Eraztun Berde Urdinari ekarpenak egitera animatu nahi ditu herritarrak, horretarako eraztunberdeurdina.eus atarian prestatu duten inkestan parte hartzera gonbidatuz. Parte hartzaileen artean beste bi prismatiko zozkatuko dituztela jakitera eman du.