Eskatu daitezke taxi-bus zerbitzurako bonuak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 1a, 19:15

Herriko autobusak egiten duen ibilbidetik urrun bizi direnentzat nahiz zerbitzu hori erabiltzeko zailtasuna dutenentzat izango dira taxi-bus bonuak.

Eskatu daitezke dagoeneko Herritarren Arreta Zerbitzuan Zarauzko herrigunetik kanpoko auzoetan bizi diren herritarrei eta autobusa erabiltzeko zailtasuna duten herritarrei zuzendutako taxi-bus bonuak. Bi bonu mota eskainiko dituzte: alde batetik, auzoetan bizi diren herritarrentzat eta, bestetik, herrigunean bizi diren baina mugitzeko zailtasunak dituztenentzat.

Apirileko udalbatzarrean aho batez onartu zituzten aurtengo taxi-bus zerbitzuaren oinarriak. Horren arabera, hauek dira zerbitzua eskatu ahal izateko betebeharrak:

  • Zerbitzua erabili ahal izango dute eremu hauetakoren batean erroldatuta dauden herritarrek: 'Udalerriko lurzoru ez urbanizagarria' kalifikazioa duten eremuetan bizi direnek, eta Talai Mendi, Errotaberri, Astierreka, Astazubi eta Errotazarren erroldatuta daudenek. Horrez gain, bi baldintza hauek bete beharko dira: autobus geltokia etxebizitzatik 500 metro baino gehiagora egotea eta, bestetik, zerbitzuaren maiztasuna 70 minututik gorakoa izatea.
  • Herriko autobusak egiten duen ibilbidearen barruan bizi diren, baina garraiobide hori erabiltzeko zailtasuna dutenek ere erabili ahalko dute zerbitzua.

Herritarren Arreta Zerbitzura deituta (943-00 51 00) edo bertara jota eskatu daitezke bonuak. Astelehenetik ostiralera 07:30etik 15:00etara eta ostegun arratsaldeetan 17:00etatik 19:00etara dago zabalik bulegoa.