Zabalik dago Salberdingo aparkalekuaren bigarren zatia

(Zarauzko Udala)

Bizkaia eta Altzola kaleen artean aparkaleku eremu berria erabilgarri dago gaurtik aurrera, udako TAO sistema martxan jartzearekin batera. Egoiliarren bineta duten ibilgailuek ere erabili ahalko dute eremu berria.

Gaurtik aurrera martxan da udako TAO sistema eta, horrekin batera, handitu egin du udalak Mesill fabrika zegoen lurretan egun dagoen aparkalekua. Altzola eta Bizkaia kaleen arteko eremua gehitu dio lehengo guneari. Udalak prentsaohar bidez jakitera eman duenez, handitze horri esker 65 plaza gehiago egongo dira aparkalekuan. Guztira, beraz, 165 ibilgailu aparkatzeko aukera izango da Salberdinen.

"Badakigu udan herriko aparkaleku kopurua handitzeko beharra dagoela, garai honetan Zarautzera iristen diren bisitari asko baitaude", adierazi du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak. Aparkalekua zabaltzeak premia horri "erantzuten" diola azaldu du zinegotziak, eta gaineratu du egoiliarren bineta daukaten herritarrek ere bertan aparkatu ahal izango dutela. 

Egokitze lanak

Eremua aparkaleku gisa egokitu ahal izateko lurraren maila berdindu dute, aparkalekua argiztatu eta sartzeko arrapala bat jarri, "oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko". Bi parkimetro ere jarri dituzte.

"Aparkalekuen beharrari behin betiko konponbidea" emateko lanetan diharduten bitartean, Salberdinen gehitu berri duten eremua, Kortazarreko aparkalekua eta Eguzki Izarrekoa uda garaian "oso beharrezkoak" direla gaineratu du Basurkok.