Ekaineko GUKA magazina

Ekaineko lehen ostirala da gaurkoa, eta hilero bezala, eskualdeko txokoak eta istorioak kontatzea helburu duen magazinaz gozatzeko aukera egongo da, bai Erlo telebistan, bai Urolako Komunikazio Taldeko tokiko webguneetan. Atari honetan ere jarraitu ahal izango da saioa. Nadeth Agirre Orioko nesken traineruko patroia izango da gaurko gonbidatu nagusia.

Urola Kosta eskualdea osatzen duten txoko, istorio eta protagonistei ahotsa ematea du helburu GUKA magazinak, eta hilabete honetako eskaintzarekin ere ez du ikuslea hotz utziko.

Oraingoan Orio bisitatu du Mireia Galarza kazetariak, eta Nadeth Agirre oriotarren traineruko patroiarekin izan da solasean. Urrutira joan gabe atalean, kostatik barrualderantz egin dute, eta Aizarnazabaldik abiatuta, txango polita proposatuko du Gorka Peñagarikanok. Azpeitiko Sokaitz eskalada taldekoekin ere hitz egingo du Maialen Etxaniz kazetariak, eta Zumaiako mugez ariko dira solasean Galarza bera eta Imanol Azkue. Hilero bezala, eskualdeko kultur hitzordu erakargarrienak ekarriko ditu Andoni Elduaienek.