Etorkizuneko Zarautz definitzeko "lehen urratsaren berri emateko" agerraldia egin dute eguerdian Iker Basurko Proiektu Estrategikoen zinegotziak, Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak eta Jesus Arana Partaidetza zinegotziak, udalbatzar aretoan. Hain zuzen ere, Zarautz 2030 Plan Estrategikoa eratzen hasiko da udala, Agenda 2030ko konpromisoak kontuan hartuta, eta, halaber, Garapen Jasangarriko 17 + 1 Helburuekin (ODS) bat egiten dutenak. Horretarako urtebete iraungo duen hausnarketa prozesu bat jarriko dute martxan, non zarauztar guztien parte hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu duten.
"Geure buruari galdetu behar diogu nolakoa herria nahi dugun. Galdera honi erantzuteko hausnarketa sakona egin behar dugu maila guztietan: non gauden, nora iritsi nahi dugun eta nola iritsiko garen jakiteko", azaldu du Basurkok. Hausnarketa prozesua burutu eta Zarautz 2030 Plan Estrategikoa definitu ondoren, "jarraitu beharreko ibilbide orri bat" lortuko dutela gaineratu du, eta horrekin helburuak lortzen laguntzeko ekintzak etorriko direla.
Proiektuaren lehen zatia, hausnarketa prozesuarena, "ezinbestekoa" izango dela azpimarratu du Basurkok, eta horren ardura Islada Aholkularitza Koop. enpresari esleitu zaio; era berean, beste bi enpresa izango ditu bidaide ibilbide horretan, Emun parte-hartze arloan eta Kultur Atelier komunikazioan. Isladaren kontratuaren zenbatekoa 81.892,22 eurokoa da (BEZa barne), baina udalak 22.320 euroko diru laguntza lortu du Gipuzkoako Foru Aldunditik horretara bideratzeko. Datorren astean bilduko dira maila teknikoan parte hartzearen lanketa egiten hasteko.
"Egoera pribilegiatua"
Zarautzek etapa berri honi orain helduko badio ere, ingurumenaren arlotik begiratuta "egoera pribilegiatu" batetik ekiten diola zehaztu nahi izan du Proiektu Estrategikoen zinegotziak. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak bere gobernukidearen hitzak berretsi ditu, prozesu honetan ez direla hutsetik hasten argi eta garbi utziz. "Zarauzko Udalak 2002an atxiki zen Tokiko Agenda 21era, udalean garapen iraunkorra txertatzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko asmoz. Eskolako Agenda ere martxan jarri zen eta horretan jarraitzen dugu” adierazi du Vazquezek. Orain, berrikusteko eta eguneratzeko momentua dela dio, eta horrexegatik Udal Gobernuak erabaki zuela munduan garatzen ari den Agenda 2030era moldatzea eta Garapen Jasangarriko Helburuak Udalaren kudeaketan txertatzea.
Partaidetza ikuspegitik, Plan Estrategikoa "oso garrantzitsua" dela adierazi du Jesus Aranak. Bere esanetan, herritarrengandik gertu egon behar du udal batek, eta etorkizuna lantzeko garaian are eta gertuago. Prozesu hau "anitza eta aberats" izateko, "zabala eta irekia" izan behar duela nabarmendu du. "Udala Gobernuaren helburua da banakako herritarrek eta gizarte antolatuek parte hartzea; alegia, herriko, elkarte, klub, alderdi politiko, sindikatu, udal langile eta hezkuntza, osasun mundua eta sektore ekonomiko ezberdinak ere bai. Denen parte hartzea nahiko genuke. Adin lagin ezberdinak ere oso kontuan hartuko ditugu". Bide batez, herritar guztiak gonbidatu ditu bere momentuan deituko diren diren parte hartze saioetara.