Kronika

Agur esan diote amets olinpikoari

Aritz Aranburu 'repeskako' txandan lehian. (ISA/Sean Evans)

Nadia Erostarbe eta Aritz Aranburu surflari zarauztarrek ezin izan dute Tokioko Olinpiar Jokoetarako txartela eskuratu, El Salvadorren jokatu berri den Munduko Surf Txapeketan. 

El Salvador. Salbatzailea, edo Tokioko Olinpiar Jokoetara sailkatzeko azken abagunea. Aukera errealak izan ala ez, guztia emateko prest zeharkatu zuten ozeanoa Nadia Erostarbe eta Aritz Aranburu surflari zarauztarrek. Munduko Surf Txapelketan ezustea emateko ilusioarekin, eta jokoan zeuden hamabi txartel –bost gizonezkoetan eta zazpi emakumezkoetan– horietako bat eskuratzeko itxaropenarekin. Itsasoa, ordea, oso aldakorra da, eta inoiz ez da jakiten zein olatu den egokiena norberarentzat. Erostarberi eta Aranbururi halako zerbait gertatu zaie txapelketan zehar, eta, ondorioz, orduz lehen geratu ziren lehiatik kanpo, Olinpiar Jokoei agur esanez.

Hasiera ezberdina izan zuten biek ala biek. Txaponaren bi aldeak diruditen. Erostarbek ez zion behar bezala ekin Munduko Txapelketari: lehen txandan hirugarren bukatu zuen, eta zuzenean repeskako bide zailari ekin behar izan zion. Aranburuk, aldiz, fin-fin hasi zen eta lau txanda gainditu zituen nagusitasunez, lauak lehen postuan, bere surf egiteko modua erakutsita.

Zentratuago, bigarren aukerako kanporaketak bata bestearen atzetik gainditzen joan zen Erostarbe. Laugarren txandan, tamalez, hirugarren bukatu zuen saioa, 7.26 punturekin, bigarren sailkatutako  Delfina Morosini urugaiarrarengandik 0,04 puntura (7.30 puntu); Claire Bevilacqua italiarra izan da multzoko nagusi, 12.44 punturekin. Hor eten zen Jokoetarako bere bidea.

Aranburuk kale egin zuen bosgarren txandan, baina bigarren aukera zuen oraindik. Repeskako 8. txandan batuko zen lehiara. Ez zen gaizki aritu (10.60), baina hasierako egunetako ziurtasuna falta izan zitzaion, eta aurkariek ez zuten barkatu. Manuel Shelman txiletarrak (12.60) eta Vasco Ribeiro (11.84) portugaldarrak egin zuten aurrera. «25 urteko ibilbidearen ondoren, asko eskertu dut amets olinpiko hau», azaldu zuen amaieran.