Bizitzaren lurrikaretan aritu da Nerea Loiola 'Epizentroa' narrazio bilduman

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 7a, 17:30
Nerea Loiola idazlea, gaurko aurkezpen ekitaldian (Erein argitaletxea)

Helduei zuzendutako lehen liburua du, eta bertan zazpi ipuin bildu ditu. Guztietan emakumezkoak dira protagonistak, eta giza harremanek protagonismo handia dute. Ostiralean Sanz Enea kultur etxean aurkeztuko du liburua.

"Hipozentroaren proiekzio bertikala dagoen lurrazaleko gunea da; hau da, lurrikara edo mugimendu sismiko bat indar gehienez sumatzen den Lurrazaleko gunea". Wikipediatik hartutako definizioa irakurri du Nerea Loiolak epizentroa zer den adierazteko eta, bide batez, helduentzako bere lehen literatur lanari bide emateko, gaur goizeko aurkezpenean. Epizentroa zazpi ipuinez osaturiko narrazio bilduma da, non istorio bakoitzeko emakume protagonisten bizitzetako lurrikarek –pozgarriek zein mingarriek– bere pisua izango duten. Bere aurreko bi lanak bezala, erein argitaletxearen babesean eman du argitara.

"Bizitzan zehar lurrikara ugari izaten dugu gure baitan, egunerokoan gertatzen dira batzuk, une konkretu batzuetan beste batzuk, esaterako, haur bat izaterakoan, harreman bat amaitzerakoan, lan aldaketak; esan dezagun sistemak ezartzen digun ustezko zoriontasun horren eraketan ematen direnak", azaldu du egileak. Lurrikara horiek non, noiz eta nola gertatu diren, eta non, noiz eta nola nabaritzen dugun "guk "jasotzen ahalegin da.

Ipuinak autonomoak dira, eta bakoitzari bere espazioa eskaini dio idazketa prozesuan, libre utziz. Istorioak pixkanaka ateratzen joan direla onartu du idazleak, "nire lurrikara txikietatik eta pertsonaien lurrikaretatik". Narrazioak independenteak izan arren, komunak diren hainbat elementu dituzte: alde batetik, protagonista guztiak emakumezkoak dira, adin eta ezaugarri desberdinetakoak, eta bestalde, gai batzuk maiz azaltzen dira narrazio desberdinetan: maitasuna, desioa, sexua, nahiak/ardurak/ezinak. "Baina, bereziki, esango nuke giza harremanetan ezarritako ardatza eta erabakien inguruko aferak direla liburuari osotasuna ematen diotenak". 

Halaber, arreta handia jarri du harremanetan, xehetasunetan, keinuetan, ekintza txikietan, harremanen simetria eta asimetrietan: “Gure buruan errotzen doazen erabakien eta erabaki horiek benetan gauzatzearen artean dagoen amildegian kokatzen dira sarri ipuin hauetako pertsonaiak".  Izan ere, Loiolak berak dioenez, "alde batetik dagoelako erabakiak hartzeko ataka konplikatu hori; eta, ondoren, askotan zailagoa izaten dena, erabakitako hori benetan gauzatzearena".

Aurkezpena, Sanz Enean

Gaurko aurkezpen ekitaldiaren ondotik, Epizentroa aurkezteko beste hitzordu batzuk lotuta ditu dagoeneko Nerea Loiolak. Ostirala honetan, ekainaren 11n, Sanz Enea kultur etxeko erakusketa gelan izango da narrazio bildumaren nondik norakoak herritarren aurrean partekatzen, Inazio Mujika editorea lagun duela. Saioa 18:30ean hasiko da.