Eibarko entrenatzailea izango da berriro Gaizka Garitano

Entrenatzaile gisa hazi zen etxera itzuliko da Zarauzko bizilaguna. Bi denboraldirako sinatu du talde armaginarekin, beste urte bat luzatzeko aukerarekin.

Gaizka Garitano izango da Eibarreko entrenatzailea datorren denboraldian. Sei urte geroago Zarauzko bizilaguna den prestatzaile deriotarra Ipuruara itzuliko dela ofizial egin zuen atzo arratsaldean klub armaginak, eta jakitera eman zuen bi denboraldirako kontratua sinatu duela, hirugarren baten aukerarekin. Oraingo honetan ere, Patxi Ferreira izango du laguntzaile bigarren entrenatzaile gisa.

Balentria galanta lortu zuen Garitanok Eibarrekin, hiru urtetan Bigarren B mailatik Lehen mailara igotzea lortuta, historian lehen aldiz. Guztira, 135 partida zuzendu dizkio Eibarko lehen taldeari, 57 garaipen, 37 berdinketa eta 41 porrotekin. Ondoren, Valladolid, Deportivo, Bilbao Athletic eta Athletic Club taldeak zuzendu ditu, eta orain, bigarren etapa ekingo dio Eibarren. Helburua izango da Bigarren mailara jaitsi berria den talde armagina Lehen mailara igotzea.