Asier Arroitaren hitzaldiarekin itxiko dute ikasturtea Mintzalagun programan jardun dutenek

Zarauzko Hitza 2021ko eka. 8a, 16:00

Ostegunean izango da, 18:30ean, Orioko Arraunetxen. Bestalde, udarako Mintzataldeak osatuko dituzte, eta izena emateko epea ostiral honetan bukatuko da.

Urola Kostan abian den Mintzalagun programak ikasturte amaierako ekitaldi bat antolatzen du urtero. Aurten, egoerak asko lagundu ez duen arren, hamazazpi taldetan banatuta 65 pertsona inguru ibili dira mintzalagun programan ikasturtean zehar, Orion, Zarautzen eta Zumaian. Horiek denak Orioko Arraunetxen elkartuko dira bihar, 18:30ean hasiko den ekitaldi berezian. Izan ere, Asier Arroita informatikari eta argazkilari bizkaitarrak pandemia garaian Asian barrena egindako bidaia luzea kontatuko du, Txiribuelta: Bidaia frustatu baten abentura ederra izena duen hitzaldian.

2019ko irailean hasi eta zazpi hilabetez Asiako hamar herrialdeetan barrena bizikletaz egindako bidaia kontatuko du Arroitak. Bidaian ikusitakoa eta ikasitakoa partekatuko du mintzalaguneko kideekin. Halaber, abenturan bizitako pasadizoak eta abenturak kontatzeaz gain, Asiako paisaien eta herritarren irudiak erakutsiko ditu. 

Uda sasoian ere praktikak

Ikasturtea amaitu den arren, udan ere euskaraz praktikatzeko Mintzataldeak osatuko dituztela jakinarazi dute. Talde txikiak sortuko dira,eta parte hartzea doan izango da; betiere, saio guztietan prebentzio eta segurtasun neurri guztiak bermatuta. Izena emateko epea  ostiral honetan, ekainaren 11n, amaituko da. Horretarako 625 48 52 15 telefonora deitu daiteke edota urolakosta@aek.eus posta elektronikora idatzi.