Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa egingo dute gaur hasi eta ostirala bitartean

Merkatu Plazako lehen solairuan 24 argazkiz osatutako erakusketa irekiko dute, eta ekainaren 27ra arte bisitatu ahal izango da.

Donostiako Cimasub Jaialdiko ikus-entzunezko sarituak eta lanik aipagarrienak ikusteko parada izango da gaur, bihar eta etzi, 19:00etatik 20:30era, Modelo aretoan. Guztira, 27 film labur eta bi dokumental eskainiko dituzte. Doako emanaldiak izango dira, baina sarrerak aurrez hartu beharko dira: ordubete lehenago jarriko dituzte eskuragarri aretoko txarteldegian.

Ziklo honen bitartez, itsaspeko ikus-entzunezkoen bi aurpegiak ikusi ahal izango dira: alde batetik, koloretsua eta liluragarria, eta bestetik, iluna eta biodibertsitatea kaltetzen duena. Antolatzaileen esanetan, jendeak itsasoaren ozeanoen egoeraz kontzientzia har dezan nahi dute..

Merkatu Plazako lehen solairuan argazki erakusketa bat ere zabalduko dute gaur, Cimasub jaialdiko lehiaketara aurkeztutako 24 lanekin, eta hilaren 27ra arte egongo da ikusgai. Horietan denetariko irudiak jasoko dituzte; besteak beste, salaketa ekologikoa ikus ahal izango da, hurbilekoa den Kantauri itsasoa, urrunekoak diren espeziei bereziak nahiz deigarriak, eta egoera bitxiak ere bai.