"Ez digute XIX. mendeko militar espainiarrek esan behar Elkano nor izan zen; bere biografiak eta pentsamenduak herritik irten behar du"

Onintza Lete Arrieta 2021ko eka. 9a, 11:46
Argazkia: utzitakoa

Aho bizarrik gabe mintzo da Ekai Txapartegi (Zarautz, 1976) EHUko Filosofia irakaslea Juan Sebastian Elkanoz, lehen mundubiraz, eta “euskaldunon ondarea bereganatu nahi duen espainiar nazionalismoaz”. Ostegun honetan emango du hitzaldia Getarian Xabier Alberdi historialariarekin batera. 19:00etan da hitzordua Iturzaeta aretoan, eta gonbidapenak Turismo Bulegoan hartu behar dira. Hitzaldi zikloaren barruan beste bi saio egingo dituzte datozen asteetan.

Elkanoko Juan Sebastian. Berpizkundeko humanista utopikoa izenburupean emango duzu hitzaldia bihar. Zerk lotzen zaitu Juan Sebastian Elkanori?

Zientziaren filosofia irakasgaia ematen dut Euskal Herriko Unibertsitatean, eta modernitatea asko aztertzen dugu. Zientzia modernoaren hastapenetan, aurkikuntza bidaia hauek eta garai hori agertzen ziren, eta Elkanorekin topo egin nuen, garaiarekin topo egin nuenean. Mundubiraren 500. urteurrenarekin bat egin zuen, eta kuriositate eta xehetasun gehiagorekin hasi nintzen gaia aztertzen, eta ohartu nintzen, batetik historiografia espainiarrak Elkanori buruz esandako gauza asko gaizki zeudela, eta bestetik, gauza asko genuela guk esateko Elkanori buruz. Hor hasi nintzen gertuko figura hori aztertzen (deskargatu hemen Elkanoz Txapartegik argitaratuta duen lana).

Noraino eraman zaitu azterketa horrek?
Filosofiatik batez ere pentsamendua eta ideien bilakaera aztertzen ditugu, eta horregatik, Elkanoren pentsamendua interesatzen zait gehienbat. Ez zaigu Elkanoren testurik iritsi, bizpahiru gutun eta testamentua alde batera utzita, baina hasi ginen irakurtzen gaiaz  idatzi ziren aurreneko kronikak. Ikusi genuen Elkanoren testigantza zuzenaren gainean idatzitako kronikak  zirela, eta ez hori bakarrik; testigantzaz aparte, Elkanok idatzita zeukala berak mundubiran kapitain jarri ondorengo eguneroko bat. Alegia, bidaiaz bere kontakizuna idatzita zeukala, eta lehenengo kronista haiek aurrean eduki zutela Elkanoren kronika idatzi hori. Gutxienez bik bai: Maximiliano Transilvanok eta Gonzalo Fernandez de Oviedok.

Nola dakizue hori?

Bidaiaren zati horri dagokion kronikak konparatzen badira, badirudi batak besteari kopiatu diola, baina hipotesia da biek kopiatu zutela–seguraski Elkanok gaztelaniaz idatziko zuen– eta latinera pasa zutela Elkanok idatzitakoa, oso-oso berdinak direlako. Eta hor irekitzen zaigu leiho bat, Elkanoren pentsamendua aztertzeko, zeren bera ari da mundubiraren azken tramoa deskribatzen bere hitzekin. Eta aukera hori iruditzen zaigu izugarria Elkanoren pentsamendu politikoa eta etikoa aztertzeko.

Zein dela esango zenuke, ondorioren batera iristerik baldin badago?

Hori da batez ere miragarria dena: hor agertzen zaigun Elkano hori. Mundubiraren lehen kronika, alegia, Magallanes kapitain den bitartean, oso kontakizun ofizialista da. Mezu ebanjelistak ditu, gutxiespenarekin begiratzen ditu besteak, politikokoi oso zuzena da egiten diren komentario guztietan, erregeaz etab. Baina Magallanes hil, Elkano kapitain jarri, eta ondorengo kontakizuna, bai estilo aldetik, bai ideia aldetik, beste narrazio bat da.

Zer ideia berri ageri dira?

Agertzen diren ideia batzuk harrigarriak dira garai hartarako eta halako espedizio bateko kapitain baten ahotan jartzeko: sekulako kritika egiten dio monarkiari, eta batez ere monarkia gerrazaleei. Pentsamendu paganoaren gorespena edo pentsamendu horiekiko begikotasuna ere agertzen da. Irla haietan aurkitzen duen jendeak ez du sinesten jainko batean, are gutxiago jainko kristau batean, eta hala ere zoriontsuak dira, etikoak, bizi dira Europan ikusten den ustelkeria eta diru gose gabe. Beste balio batzuetan bizi dira.

Horrez gain, kritikatzen ditu europarrak, Borneon ikusten dituen agintariekin konparazioan. Nonbait, hango kulturan oso-oso zigortuak dira inguruko irletara edo herrialdeetara konkistara doazen agintariak. Historikoki eta geografikoki, badakigu ez zela horrela izan; Elkanoren irudikatze bat zen, proiekzio bat, baina mezua argia da: Elkanok han ikusten zuen bizimodu lasai eta on haren oinarrian –bera baldin bada testu hori idatzi zuena– ikusten zuen politika espantsionistak okerrak direla eta auzoko herriak bakean utzi behar direla.

Harrituta zauzka horrek.

Bai, benetan harrigarria da Elkanok edukitzea halako perfil etiko eta politiko bat, eta aztertu eta egiaztatu beharko litzateke ea Elkanorena berarena den testua. Beste norbaitena baldin bada, berriz, aztertu beharko litzateke nola iritsi den horrelako testu bat Transilvano eta Fernandez de Oviedoren kroniketara, biak [Gaztelako erregearen] gortean bizi zirelako. Beraz, ideia horiek ez dira beraienak. Nondik hartu dituzte? Hipotesi gertagarriena da Elkano.

Hipotesi hori zabalduta dago, ala beste ideia bat da nagusi historialarien artean?

Hipotesi hori ez dago zabalduta, besteak beste, Elkano ez delako ezagutzen. Gure herriaren historia da herri kolonizatu baten historia, eta horren ondorioa da Elkano munduan ezezaguna izatea. Mundubirak gizateriaren historian beti aipatu beharreko erreferentzia izan behar luke, baina horren meritoa ez zaio Elkanori ematen, Magallanesi baizik. Oraindik ere historiak jarraitzen du klub pribatu bat izaten, eta euskaldun normalak, xeheak, Getariako marinel batek debekatuta dauka Historiara sartzeko eskubide hori, sekulakoa egin arren. Zergatik? Bada, euskalduna zelako, eta ez zelako noblea. Erregearekin eta gortean daukan harremanean ere oso nabaria da euskal marinel xehe bat dela: ez zizkioten eman Magallanesi agindu zizkioten sariak, ezta berari agindu zizkiotenak ere. Bere ama Katalinak 30 urtez jarraitu behar izan zuen auzitan bere semeak munduari buelta emateagatik zegokionagatik. Carlos V.a erregea oso desleiala izan zen Elkanorekiko.

Esan duzu munduan zehar ez dela ezaguna Elkano. Euskal Herrian, berriz, oso aldekoak eta oso kontrakoak ditu figura horrek.

Nik faltan botatzen dut kontakizun bat, eta da getariarren kontakizuna. Azken batean, Getarian mantendu egin da Elkanoren memoria, baina organikoki. Ez da testu liburuetan izan, ez da kontakizun baten inguruan izan, baizik jatetxe baten izenean, kale horren izenean, eskultura batean... Organikoki, familietan eta mantendu da munduari buelta eman zion lehen itsasontziko kapitaina getariarra zela, epika hori mantendu da, eta gainera oso positiboki, eta horrek herri memoria eta herriaren gogoratzeko gaitasuna erakusten digu.

Eta hori kontrajarrita dago duela 200 urte, XIX. mendean, Espainiako bulkada nazionalistak eraiki duen eta akademiako liburuetan agertzen den Elkanorekin. Hortaz, batetik daukagu liburuetako Elkano, Espainiako historiografiak fabrikatu duena, eta bestetik daukagu herriaren memorian gorde den beste Elkano bat, eta bata ez dator bat bestearekin. Hortaz, nire ustez, getariarrek hartu beharko lukete Elkano gogoratzeko eta Elkanori buruz hitz egiteko protagonismoa. Haiek dakite zein zen Elkano; ez digu XIX. mendeko militar espainiar batek esan behar Elkano nor izan zen. Bere biografia eta bere pentsamenduak herritik irten behar duela uste dut, eta ez Madrilgo Historia departamenduetatik.

Ez al dute bat egiten aipatu duzun Espainiako militarren bertsioarekin euskal abertzale askok?

Ez dagoelako beste bertsio bat liburuetan. Eta liburu horiek badakigu nondik datozen, nork idatzi dituen eta zer intentziorekin. Badakigu milaka akats dituela, gainera, Elkanori buruzkoak. Eta akatsez gain, omisio asko daude. Bere testu idatzia desagertu egin da. Bidaiari buruz, berriz, xehetasun guztiak daude: ontzietan sartu zuten guztia zehatz-mehatz dago gordeta, jasota eta dokumentatuta, baina Elkanoren kontakizuna desagertu egin da. Hor badago asmo bat, 300 urtez, Elkano ikusezin egiteko, ez dakit intentzionala den edo  gutxiespenetik datorren. Ondoren, XIX. mendean, beste Elkano bat sortzen hasi ziren arte. Gutxi dago idatzita benetan Elkano zein zen, nola pentsatzen zuen, bere ingurua zein zen, kostaldea nola zegoen...

Kasualitatez, gogoratzen ditugun gauza bakarrak, liburu horietan idatzita daudenak, dira proiektu nazional espainiar bati fabore egiten dietenak: euskaldunak zatitzeko, edo euskaldun zintzoak obedienteak direla esateko. Baina beste elementu guztiak ezkutatuak, omitituak edo faltsifikatuak izan dira. Horregatik, guri dagokigu Elkano historikoa, Juan Sebastian pertsona hori, marinel hura, berreskuratzea, pertsona bezala, eta bere testuinguruan. Eta atzean uztea 150 urtez historiografia espainiarrak egin duen asmakizun inperialista, ez datorrena bat ez Juan Sebastianen pentsamenduarekin, ez berak egin zuenarekin.

Biharko hitzaldiaz gain, Elkanori buruzko proiekturik baduzu esku artean?

Gustatuko litzaidake jendea konturatzea, getariarrak konturatzea, martxan zer operazio daukaten prest Madrildik: Defentsa ministerioak, Espainiako ejertzitoak, 25 milioi euro jarriko ditu Elkano faltsifikatzen jarraitzeko telebistaz telesail batean; Wikipedia, Youtube eta halako kanal guztietan nahiz literaturan faltsifikazioa erreproduzitzen ari da, eta beraz, propaganda makinaria izugarria dago haiei komeni zaien Elkano puzten jarraitzeko, diskurtso hegemoniko espainiar nazionalista monarkiko baten barruan. Eta horri aurre egin behar diogu herri bezala. Faltsifikazio horri kareta kendu behar diogu eta herri ondarea babestu eta baliostatu beharko genuke, eta esan Getariako marin bat zela kapitain munduari  lehenengo buelta eman zion ontzian. Herri bakarrak esan dezake hori, eta hori gu gara. Eta Xabier Alberdik esango duen bezala, hori ez da kasualitatea, eta kasualitatea iruditzen bazaigu, ziria sartzen ari zaizkigulako da. Eta espabilatzeko. Ni hori esatera noa hitzaldian.

Getariarren ardura da, ala euskal herritar guztiena?

Getariarrak azpimarratu nahi nituen, Getarian gordeta dagoelako memoria hori, Getarian Elkano naturala da, ia-ia familiakoa, presentzia ikusezin bat da, baina badauka presentzia. Euskal Herrian ez da hori gertatzen, baina Getarian bai modu naturalean, eta memoria organiko horri eutsi behar diogu eta konfiantza izan geure buruan. Beste batzuk ez ditugu gogoratzen, baina hau gogoratzen dugu, eta hor herriak bere selekzioak egiten ditu modu inkontzientean. Elkano figura positibo bezala gorde da, eta goazen fidatzera, ea zergatik izan den hori. Nire ustez zalantzarik gabe Getariak eduki behar du protagonismoa eta getariarrek esan behar diote munduari Elkano nor zen. Guri Sevillatik etortzea esatera Elkano nor zen txistea da. Baina Euskal Herriak ezagutu behar du eta jakin behar du nor zen Elkano, eta Euskal Herriak ez du utzi behar bere herri ondarea lapurtzen, lapurtzen ari zaizkigun bezala. Konturatu behar dugu kultur apropiazioa dagoela eta hori dela kolonialismo mota bat. Espazio sinbolikoen apropiazio horretan, kendu digute Elkano eta mundubira; baina gurea da.