Ander Espallargas: «Jendearen egunerokoa erakutsi nahi dugu gerra dagoen bitartean»

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 10a, 09:10
Ander Espallargas, eskuinetik bigarrena, eta bere lantaldea soldadu errusiarrekin. (Utzitakoa)

Armeniako gudaren inguruan After the world dokumentala grabatu dute Ander Espallargasek (Zarautz, 1996) eta bere taldeak. Urte amaieran izan ziren gatazka eremuan filmatzen.

Nola sortu zitzaizuen Armeniara joan eta han gertatzen ari zena filmatzeko interesa?

14milimetros aldizkari digitalean dihardugu, eta batez ere nazioarteko politikaz eta gatazkaz arduratzen gara. Aurretik, Libanoko protestari buruzko Homenland Gone dokumentala geneukan eginda. Hari esker, armeniar diasporako AGBU Armenian General Benevolent Union elkartearen gonbidapena jaso genuen, Armeniako testuingurua kontatuz gauza bera egitea nahi zuten.

Armeniara joan ginenean denbora gehiena gatazka eremuan eman genuen, Nagorno Karabajen, egungo Artsajeko Errepublikan. Autodeterminazio prozesua izan zuten; izan ere, lurralde hori Azerbaijanen barruan dagoen arren, biztanleriaren gehiengoa armeniarra da, eta Sobietar Batasuna erori zenetik Armeniarekin batzen saiatu dira. Azerbaijaneko gobernua diktadura bat da, eta ez die utzi inoiz hori gauzatzen. Horregatik dago gatazka, eta gu hirugarren gerra piztu zenean joan ginen, azarotik abenduaren amaierara arte iraun zuen gerrara. 

Hara joan aurretik zer berri zeneukan Armeniaz, eta behin bertara iritsitakoan esperotakoa topatu al zenuen?

Aldizkarian nazioarteko gatazkak jorratzen ditugunez, banekien pixka bat zer gertatzen ari zen lurralde haietan. Libanon eta Sirian egonak ginen, baina kasu honetan gerra konbentzional batera gindoazen, eta guretzako lehen aldia zen hori. Kasu honetan bi alde zeuden, Azerbaijan eta Armenia, eta bien arteko borroka. Hara iritsi eta lehen bi asteetan jendearekin hitz egiten aritu ginen; ea zer ahal genuen grabatu eta zer ez... Gatazka baten ondoren jendeak bere bizitza nola berrantolatzen duen kontatzeko dokumentala egin nahi genuela konturatu ginen. Horretarako, elkarrizketatu ditugu soldaduak, funtzionarioak, medikuak, kaleko jendea eta, oro har, jende ugari. Helburua ez dugu izan gatazkaren testuingurua erakustea, ezta datuak ematea ere. Hori edonork egin dezake Internet bidez. Gure interesa da erakustea gerra dagoen bitartean bertako jendeak nola egiten duen aurrera bere egunerokoan. Alde gizatiar hori jasotzea.

Hori islatzeko nola planteatu duzue dokumentala?

Armeniaren eta Nagorno Karabajen artean ezberdintasun handia zegoela konturatu ginen. Azken finean, gerra guztia bigarren eremu horretan gauzatu da. Gure hasierako ideia zen astebeterako joatea Nagorno Karabajera, baina konturatu ginen istorio interesgarrienak bertan zeudela; ondorioz, hango egonaldia hiru astera luzatu genuen. Alde sozial hori erakusteko pertsona batekin kontaktatu genuen, eta hari esker ate ugari zabaldu zitzaizkigun; alde horretatik zortea izan genuen. Ezagutu genuena neska bat zen, Armeniako hiriburuan ikasten zuen, AEBetako eskola batean, baina gerra hasi zenean, etxerako bidea oinez egin behar izaten zuen. Haren bitartez, bere aita ezagutu genuen: errepublikako armadan postu garrantzitsu bat zuen pertsonetako bat zen. Une hartatik aurrera gauzak asko erraztu zitzaizkigun, haien laguntzarekin islatu ahal izan genituen hango profil guztiak. Nolabait ere, haiek bideratzen gintuzten oso gaizki pasatu duten fronteko lerroan dauden nekazariengana, 18-19 urte dituzten soldadu gazteengana...

Asko hunkitu ninduen zer-nolako kontzeptua duten armeniarrek beren herrialdeaz. Ezin da ulertu nazionalitate baten gisan edota abertzaletasun baten sentipenarekin; badakite borrokarik ez badute egiten desagertu egingo direla. Guda hau ulertu behar da turkiarrek egindako genozidioaren testuinguruan, I. Mundu Gerraren barruan. Armeniarrek oraindik ere oso barruan daramate hori. Bestalde, Turkia eta Azerbaijan kulturalki eta etnikoki berdinak dira, eta turkiarrek asko lagundu diote Azerbaijani, nahiz eta diktadura bat izan. Armenia demokrazia bat da, eta minduta daude bakarrik sentitu direlako, nahiz eta beti saiatu diren Europako Batasunarekin harremanak izaten. Gero, AEBko presidente Joe Bidenek Armeniako genozidioa onartu egin zuen bere iritzi sarean, orain arte AEBek onartzen ez zuenean. Babesik jaso ez dutelako, oso minduta daude Europarekin eta Mendebaldearekin.

Gerra-berriemaileok arriskuaren ahora sartzen zarete. Zuek babestuta sentitu zarete ala beldurra pasatu duzue?

Azkenean, jakin badakigu gerra batera goazela. Lubaki batean gaude, eta beste aldean beste aldekoak daude. Iristen da puntu bat non sosegu larri bat dagoen. Gu iritsi eta bost egunera sinatu zuten bakea. Dena den, mugaldean gatazka batzuk bazeuden, eta haien artean ikusten genituen hainbat gauza, errutinaren barruan normaltzat jotzen dituztenak, eta inertziaz, guk ere normaltzat jo genituenak handik gutxira: gorpuak edonon ikusten ziren edo gauez arma batekin atera behar izaten genuen, esaterako. Oso kuriosoa da, izatez ez da batere normala, baina pixkanaka guk ere barneratu egin genuen. Zorionez, ez zitzaigun ezer txarrik gertatu, baina han denak alerta egoeran daude, tentsio horretan. Gu hilabete baterako joan ginenez ez ginen gauza askotaz jabetzen. Hausnarketa egin behar duzu horren atzean zer dagoen ohartzeko.

Nolako jendea topatu zenuten?

Hasieran denek eskuzabalik hartu gintuzten. Esan beharra dago euskararen eta armenieraren arteko erlazioa handia dela. Ni harrituta geratu nintzen zenbat jendek zekien Aitorren kondaira. Izan ere, oker ez banago, aitor hitzak armenieraz aitona esan nahi du. Badira beste hitz batzuk esanahi bera dutenak, hartz, esaterako. Beraz, kontu horiekin jendearengana gerturatzen ginen. Egunak igaro ahala, baina, gurekiko erakutsitako poztasun hori iragankorra zela ohartu ginen. Haien egunerokoa traumaz eta depresioz beteta dago, nahiz eta ez duten azaleratu nahi izaten.

Urtearen amaieran filmatu zenuten ikus-entzunezkoa. Zergatik?

Abenduaren 5etik urtarrilaren 9ra arte izan ginen han. Kontua da hiru eliza kristau daudela bertan: ortodoxoa, katolikoa eta apostoliko armeniarra. Gabonetako jai egun berak ez dituztenez, bakoitzak nola ospatzen zituen irudikatu nahi genuen hasieran. Baina gerra kontuak tarteko, ez genuen gauza handirik topatu.

Orain, After the world dokumentala bukatzear duzuela, zer irteera eman nahi diozue?

Plataforma digitaletara bideratu nahi dugu hil honetan. Netflix-en erakusgai jarri nahiko genuke, baina hori ur handitan sartzea litzateke. Bestela, Amazon Prime-kin erlazio ona dugu, aurreko dokumentala hara igo genuelako. Bestalde, oso garrantzitsua iruditzen zaigu zinema jaialdietan ematea: urte amaieran Valentziako La Cabinan eman nahi dugu, Toronton egiten den beste batean eta online egiten diren beste batzuetan.