"Uste baino lurrikara gehiago daude nigan, baita inguruan ere"

Aritz Mutiozabal-Mireia Galarza 2021ko eka. 11a, 10:00

Lurrikara emozionalak erdigunean jarrita, helduentzako lehen literatur lana argitaratu du Nerea Loiola Pikazak (Deba, Gipuzkoa, 1985): zazpi ipuinez osaturiko Epizentroa. Gaur arratsaldean aurkeztuko du lana Zarautzen.

Zure aurreko bi lanak haurrei eta gazteei zuzendutakoak ziren, eta narrazio bilduma batekin egin duzu jauzi helduentzako literaturara. Nola etorri da erregistro aldaketa hori?

Pixkanaka eta oharkabean etorri den zerbait izan da. Haurrentzako idazten hasi nintzen. Semeak ditut; gaztetxoa da zaharrena, eta harentzako istorio batzuk bururatu zitzaizkidan. Horiek idatzi ahala, konturatu nintzen bazeudela kontatu nahi nituen beste gauza batzuk, eta agian horiek ez zirela nire semeari irakurri nahi nizkionak, baizik eta nire buruari esan nahi nizkionak, eta, noski, publiko helduago bati. Orduan, haurrentzako ipuin horiek idazten ari nintzela,  pixkanaka ideia batzuk apuntatzen joan nintzen koaderno batzuetan, narrazioak izan zitezkeen hainbat istorio lotzen nahiz osatzen, eta bizpahiru ideia sendo izan nituenean, Eusko Jaurlaritzak kaleratzen dituen kultur sorkuntzarako dirulaguntzetara aurkeztu nintzen. Laguntza eman egin zidaten, eta horretara jarri behar izan nuen.

Zezenari adarretatik heldu zenion, beraz.

Jauzi bat egitea baino gehiago, nire buruari baimen bat ematea bezala izan zen. «Orain arte haurrentzat idatzi dut, baina gai al naiz helduentzat idazteko, beste literatura mota bat egiteko?». Ematen du helduentzat idazteak beste kategoria bat ematen duela, nahiz eta ez nagoen ados horrekin. Baina, egia esan, badago halako presio bat, eta kostatu zitzaidan neure buruari baimen hori ematea. Eta dirulaguntza bultzada bat izan zen; jada egin beharra nuen, bai ala bai.

Epizentroa da horren emaitza, eta bertan lurrikara emozionalak dira ardatz: eguneroko istorio txikiak, baina bakoitzarentzat garrantzi handikoak?

Hala da, bai. Istorioek harremana dute izan nahi genukeen etorkizunarekin, eta, aldi berean, iraganarekin. Nire abiapuntua ez zen izan lurrikara batzuk sortzea, ezta lurrikara horiek sortzeko agertoki batzuk eratzea ere. Dena den, istorio horiek sortu ahala, konturatu nintzen bazeudela egunerokotasun eta ustezko normaltasun horren barruan lurrikara mordoxka bat. Lurrikara horietako batzuk onak izan daitezke, ez dute zertan dramak izan behar, baina lurrikara on horiek ere dardarka jartzen gaituzte. Adibidez, Epizentroa ipuineko protagonistak oposizioak atera zituen eta plaza finkoa du irakasle moduan. Lurrikara ona da hori berez, baina gauza pila bat mugitzen dizkio horrek pertsonaiari: egonkortasun horrek zer dakarren, bera zer den orain eta zer izan nahiko lukeen, distantzia hori handia den ala ez, zenbateraino dagoen mugatuta orain... Konturatu naiz uste baino lurrikara gehiago daudela nigan, baita inguruan ere.

Eguneroko bizitzan murgildu zara, irakurlea erraz identifikatu daitekeen kontakizunetan.

CSI estiloko tramak okurritzen zaizkigu, baina indar gehiago du egunerokotasunak. Izan naiteke ni, izan zaitezke zu, eta gure burua bertan ikusi dezakegunez, errazago jartzen gara amildegi horretan, lurrikararen barrenean. Izan ere, ipuin bat bukatzen duzu, eta ez da ezer gertatzen, baina, era berean, ohartu naiz lokatz horietan mugitzea gustatzen zaidala: detaile txikiekin, keinuekin gauza bat esaten baina beste zerbait esanez... lokatz txiki horietan asko jasotzen dut, eta asko eman dezaket.

Ez da ezer gertatzen, baina asko gertatzen da. Ipuinen bukaerei bestelako buelta bat eman diezu, gainera.

Ni tramazalea naiz, eta gustuko ditut thrillerra, nobela beltza eta misterioa. Irakurle bat engantxatzeko tentsio puntu horrek egon behar du. Heriotza eta hilketak egon gabe, tentsio hori bilatu dut istorioak eraikitzerakoan. Ipuinean zehar giro hori mantendu eta bukaeran gora egitea nahi izan dut, irakurlea ezustean harrapatzeko.

Idazteko modu konbentzionaletik ihes egiten saiatu zara, gauza berriekin jolastuz. Idazkerarekin esperimentatzeko saiakera egin al duzu liburuan?

Atsegin dut neure buruari askatasuna ematea. Gustatzen zait erritmoa lortzea, esaldi oso laburrekin edo hitzekin jolastea. Egia da hasierako bertsioan pasarte nahiz esaldi batzuk klasikoagoak edo konbentzionalagoak zirela, baina soberan zeuden; gehiegi urruntzen ziren nire ahotsetik. Agian, gehiago baliatu nituen horiek ni ere horrela idazteko gai n­aizela erakusteko –inork ez didana inoiz eskatu–, baina ikusi nuen idazkera urrun zegoela nire hizkeratik. Horregatik, Inazio Mujika editoreak liburuaren aurkezpenean esan zuen bezala, «lotsagabe» aritu naiz. Ez dakit zer iritzi edukiko duen jendeak, baina askatasuna eman diot neure buruari, eta hizkuntza soila eta efizientea erabiltzen saiatu naiz. Uste dut funtzionatzen duela, narrazioak diren heinean, erritmoa ematen diolako kontakizunari.

Astelehenean aurkeztu zenuen lana, eta jada oihartzun dezente izaten ari da. Pozik egoteko moduko seinalea, ezta?

Oso gustura nago egindako lanarekin. Ordu mordoa sartu dugu, eta lan pila bat egin dut. Egia esan, bukaeran, ni ere konturatu nintzen oso lan polita atera zitzaidala. Beharbada, ez dago ongi nik esatea, baina hala sentitu dut. Baditut inguruan lagun ditudan literatur adituak, eta antzematen nuen haien hitzetan eta gorputzetan baliozko lan bat ikusten zutela. Gustatu zitzaiela eta funtzionatuko zuela esaten zidaten, eta hori da orain jasotzen ari naizena. Aste honetan aurkeztu dugu lana, baina liburua irakurri duten gutxi horien feedbacka oso ona da. Aurrekoan Garoa liburu dendara joan nintzen, eta dendaria nire liburua irakurtzen topatu nuen. Erabat engantxatuta zegoela esan zidan! Oso-oso pozik nago. Sare sozialetan ere mugitzen ari da liburua, eta ikusiko dugu gero zer-nolako bidea egiten duen, baina momentuz oso polita ari da izaten hasiera.

Aurkezpen saioa gaur arratsean, Sanz Enean

Epizentroa argitaratu berritan, aurkezpenez aurkezpen dabil Nerea Loiola. Gaur, 18:30etik aurrera, Sanz Enea kultur etxeko erakusketa gelan izango da liburuaren nondik norakoak herritarren aurrean azaltzen, Inazio Mujika editorea lagun duela.