Mitxelena eta Lapurdi kaleen artean trenbide azpiko pasabidea egin nahi du udalak

Onintza Lete Arrieta 2021ko eka. 12a, 11:07
Hirugarren proposameneko proiektuak izango lukeen itxura (Zarauzko Udala)

Udalak hiru proposamen egin ditu, etorkizunean Hegoaldeko pasabidea egiteko Mitxelenako aparkalekuaren parean. Proposamenak dokumentu batean jaso, eta  herritarren eskura jarri du, horiek beren iritzia emateko irailaren 30era bitartean.

Hiru proposamen jarri ditu Zarauzko Udalak mahai gainean, etorkizunean Hegoalden trenbidearen azpiko pasabidea egiteko Mitxelena eta Lapurdi kaleen artean, zehazki, Mitxelenako aparkalekuen parean. Hiru proposamenak dokumentu batean bildu ditu (hau da dokumentua pdf formatuan), eta herritarren eskura jarri ditu. Herritarrek beren ekarpena egiteko aukera izango dute irailaren 30era bitartean, udalaren webgunean.

Ondoren, iritzi guztiak bildu, aztertu, eta oinarrizko proiektua idazteko enkargua abiaraziko du.

Dokumentuak datu zehatz batzuk jasotzen ditu, horien artean urbanizatuko den eremuak zer zabalera hartuko duen, eta hiru proiektuen aldea handia da: aurreneko aukeran 468,10 metro koadro urbanizatuko dira,  bigarren aukeran 663,50 metro koadro, eta hirugarrenean, berriz, 1.269,50 metro koadro.

Plano batzuk eta pasabidearen inguruko eremuak edukiko lukeen itxura erakusten duten irudiak ere baditu dokumentuak.

Inguruko jabekideekin  bilduko da udala

Xabier Txurruka alkateak azaldu duenez, aukerak aztertzeko enkargua Asmatu SLP ingeniaritzak egin du, "esperientzia duelako egiteko hauetan, Santa Klarako pasabidean obra zuzentzeaz ere arduratu baitzen".

Hiru proposamenetako bakoitzak "ezaugarri eta zehaztapen desberdinak" dituela gaineratu du. "Horregatik, hirurak jendaurrean jarri nahi ditugu, interesdunek ekarpenak egin ditzaten eta horiei buruzko iritzia eman dezaten", azaldu du. "Gure ustez, hegoaldeko trenbidearen azpiko pasabide horrek nabarmen hobetu ahal izango du hiri-konektibitatea, Zelai eta Iñurritzako egungo pasabideen artean dagoen punturik urrunenean. Baina proiektuarekin gehiago aurrera egin aurretik, inguruko herritarrak entzun behar ditugula uste dugu".

Txurrukak jakinarazi duenez, "azterlana idatzi dutenek dagoeneko adierazi dute zein den proposamen egokiena, baina orain jendearen ideiak eta iritziak ezagutu nahi ditugu, behin betiko erabakia hartu aurretik".

Bizilagunekin elkartzeko asmoa ere badu udalak uda honetan. "Plazatik hurbilen dauden jabekideen erkidegoekin harremanetan jarriko gara, proposamenak aurkezteko eta gai horren inguruan dituzten iritziak zuzenean jasotzeko".