Zarauzko Udalak sentsibilizazio kanpaina jarriko du martxan furgonetan bidaiatzen duten erabiltzaileei zuzendua. Izan ere, udaletik azaldu dutenez, herriak surf egiteko eskaintzen dituen aukerengatik, "udaro milaka bisitari etortzen dira" furgonetarekin oporrak pasatzera. "Horrelako ibilgailuen joan-etorriaren ondorioz sortzen den ohiko arazoetako bat da aparkalekuarena", adierazi dute. Horregatik, ibilgailuak aparkatzerakoan bete behar dituzten jokabide egokien berri emateko ekimena abiatuko du udalak uda honetan, batez ere furgonetan bidaiatzen duten bisitariei zuzendua.
TAOko agenteek eta udaltzainek esku-orri bana banatuko diete herrira furgonetan iristen diren bisitariei. Bertan, ongi-etorria ematez gain, herriko aparkalekuen planoa zehaztuko da, eta dagokion lekuan behar den bezala aparkatzeko eskatuko zaie; "gainera, gogoraraziko zaie kaleak ez direla kanpin bat, baita Zarautzen gizalegez jarduten duen eta ingurukoak errespetatzen dituen jendea gustatzen zaigula ere", azaldu dute udaleko ordezkariek. Esku-orria lau hizkuntzatan dago idatzia.
Udalaren ustez "beharrezko kanpaina" da hau. "Nahiz eta erabiltzaile gehienek ibilgailua ondo erabiltzen duten eta gainerakoa errespetatzen dituzten, komenigarria da elkarbizitzarako oinarrizko betebeharrak gogoraraztea, zoritxarrez, guztiek ez baitituzte arau guztiak behar den bezala betetzen", adierazi du Iker Basurto Mugikortasun zinegotzi eta kanpainaren sustatzaileak.